Berrikuntza ugari eskainiko ditu Bilboko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berriak

uriola.eus 2015ko mai. 7a, 10:00

Marta Zabaleta eta Joaquin Achucarro (Argazkia: BOS)

Erik Nielsen estatubatuar maisua izango da zuzendari titular berria BOSen aurrean. Orkestrak 2015/16 denboraldiaren baitan 17 kontzertu eskainiko ditu, eta musika-errepertorioak ia 300 urteko denbora-ibilbidea egingo du, Vivalditik hasi eta Juan Carlos Perezeraino. "Malgutasuna eta askotariko musika-motetara egokitzeko gaitasuna, interpretazio-bikaintasunaren premisa" aintzat harturik.

Piano labelduna
Atzo urkeztu zuten 2015/16 denboraldiko abonu tematikoa "omenaldia" izatea nahi du BOSek, bai eta "harrotasun-erakusgarri bat ere aldi berean". Omenaldia, ezagutza egiten zaielako pianoan, "hain lehia handiko instrumentuan", nazioarteko karrera garatzen ari diren hiru belaunalditako musikari batzuei. Eta harrotasuna, ziklo horretako protagonista diren piano-jotzaileak Euskal Herrian jaiotakoak direlako.

Joaquin Achucarro (Bilbao, 1932) "ospe ukaezinekoak", 200 orkestrarekin baino gehiagorekin agertokian izan eta gero, hasiera emango dio zikloari -urriak 8 eta 9-; ondoren, Judith Jauregui (Donostia, 1985) arituko da, taldeko gazteena, eta entzuleekin komunikatzeko "trebetasun berezia" duen piano-jotzaile bat. Tarteko belaunaldian daude Miguel Ituarte (Getxo, 1968) "irakasle bikaina", kontzertista izateaz gain, eta hain jorraturik ez dauden errepertorioak esploratzeko beti prest, eta Marta Zabaleta (Legazpia, 1965), bera ere irakasle fina, eta sentiberatasun bereziko interpretatzailea; azken horrek emango dio amaiera zikloari, hain zuzen.

Denboraldi sinfonikoko omenaldi honek osagarria izango du ganbera denboraldian: hiru errezitaldi gehituko dira, Roberto Berrocal, Carlos Goikoetxea eta Adrián Hodor, musikari gazte eta aparten ardurapean, gure pianismoaren etorkizuna izango direlakoan.

 

Stravinsky, India eta Balleta
BOSen 2015/16 denboraldian egongo den beste musika bat Igor Stravinskyrena izango da. XX. mendeko "eragin handieneko artistetako bat da", eta beraren musika etengabeko erreferentzia da, konpositoreak landuriko estetika guztietan agertu zituen asmamenagatik eta ustekabea eragiteko gaitasunagatik. Musika hura izango da, hain zuzen, bukaerako kontzertuko protagonista, Udaberriaren kontsakrazioa ospetsuaren bidez; lan horrek, gaur egun oraindik, interpretazio bakoitza "gertakizun berezi" bihurtzen du, sortu zenetik ehun urte baino gehiago igarota ere. Errusiar musikagilearen beste lan batzuk, hala nola, Scherzo fantastikoa edo Capriccioa piano eta orkestrarako, Miguel Ituarteren eskutik, han eta hemen agertuko dira programazioan, denboraldian zehar.

BOSen hurrengo ibilbide geografikoaren mutur batean India egongo da. Herrialde hori musika-aberastasun handienekoen artean dago, eta berezko hainbat estilo eta musika-tresna ditu; halakoak, hain zuzen, 'Indiako musika klasikoan' deritzon kontzeptu "sinplifikatzailean" laburbiltzen saiatu da BOS, "alferreko saioa bada ere, azken batean". 60ko hamarkadan, Ravi Shankar, Georges Harrison, Yehudi Menuhin edo Jean Pierre Rampal, besteak beste, protagonista izan ziren kulturen arteko topaketa batean, "guztientzat oso aberasgarria". Topaketa horren emaitza gisa, Ravi Shankarrek bi kontzertu eta, geroago, sinfonia bat ondu zituen sitar eta orkestrarako. Londresko orkestra handiek grabatu eta estreinatu zituzten, Andre Previnen eta Zubin Mehtaren zuzendaritzapean. Kultura handi horren omenez, eta Bilbon egun horietan Indiari buruz egingo den biltzarraren esparruan, kontzertuetako lehena izango da, Pandit Shubhendra Rao sitar-maisuak interpretatuta. Bera, hain zuzen, Ravi Shankarren beraren zuzeneko ikasle kutuna izan zen.

Denboraldi berriaren baitan egongo diren berritasunen artean, lehen aldiz ballet-ikuskizun bat sartuko da Horretarako, Victor Ullate balleta eta haren Amor Brujo lana izango ditugu, BOSek Manuel de Fallaren musika joko duela, Euskalduna Jauregiko orkestra-pezoitik. Ikuskizun hori Sevillako Maestranzako Antzokirako sortu zen, eta duela hilabete batzuk estreinatu zen berriz Madrilgo Errege Antzokian.


BOSBaroque eta JAZZA
Orkestrak barrokoaren lurraldean sartu-irtenak egiten jarraitzen du, Giuliano Carmignola biolinistaren eskutik oraingoan. Espezialista entzutetsua da errepertorio italiarraren alorrean, eta berea da Vivaldiren Lau Urtaroak lanaren grabazio ospetsuenetako bat. Hain zuzen ere, lan hori joko du, besteak beste, Bilbon emango duen programan.

Jazzari dagokionez, 365 Jazz Bilbao ekimenarekin lankidetzan jarraitzen dugu; horri esker, oraingoan China Moses estatubatuar kantaria izango da agertokian. Jazzaren eta ahots-bluesaren eremuan ospea bereganatzen ari den kantaria da, eta jazzeko estandarrak eta klasikoak kantatuko ditu.

 

Evelyn Glennie eta Deitzen dizut, Virgilio
Egungo errepertorioaren barruan, atal berezia merezi du Deitzen dizut, Virgilio lanaren estreinaldia. Juan Carlos Perez da haren konpositorea, eta Bernardo Atxagaren testuak ditu, Written in USA poematik hartuak, zehazki. Obra, soprano, koru, ahots mistoko koru, haur-koru eta orkestrarako idatzirik dago, eta egilearen hitzetan, "poetak AEBtik (Amerika) deitzen dio Virgiliori, eta denboraren joanaz hitz egiten dio. Bete gabeko itxaropenez. Garcia Lorcaz. Bakardadeaz. Beldurraz, letra larriz".

Egungo musikarekin dagoen beste hitzordu garrantzitsu bat da Evelyn Glennieri, munduko perkusionista onenetako bati, eginiko gonbidapena, aurreko bisitatik (Ayala antzoki zaharrean) hemezortzi urte igaro direnean, eta orduko lan bera dakarrela: Veni, Veni, Emanuel. James MacMillan konpositoreak berari, hain zuzen, eskaini zion lan hori.

Orkestrak, halaber, Anjel Illarramendiren Zarautz obertura estreinatuko du, bai eta Fernando Buideren Fragmentos del Satiricón (Satyriconaren atalak), AEOS-BBVA Fundazioa lehiaketa irabazi zuen lana, alegia.

Errepertorio handia
Formatu berriak eta bestelako musika batzuk jorratu arren, BOSek ez du ahazten "orkestra batek bere gain hartu behar duen funtsezko errepertorioa, haren jardunaren ardatz nagusia izaki". Hala, denboraldi honetan sinfonia handiak entzungo dira, hala nola, Tchaikovskyren 5.a eta Brucknerren 3.a BOSeko titular berriaren zuzendaritzapean, Mahlerren 6.a Giancarlo Guerrero ospetsuarekin, edo Shostakovichen 10.a Yaron Traub zuzendariarekin.

Carlos Miguel Prietoren eskutik, lehen aldiz Maien gaua harrigarria eskainiko du BOSek, haren perkusio-sekzio eskergarekin. Eta Pablo Gonzalezekin, Carl Nielsenen Iraungiezina entzuteko aukera izango da, daniar konpositorearen 150. urteurrenean.

Eta, azkenik, Inauterietako programak ukitu arina jarriko du, ikusle guztientzako lan-aukeraketa batekin, Leticia Moreno biolin-jotzailearekin.

 

www.bilbaorkestra.com