Hauteskunde lehiakorra Bilbon, irabazleagatik baino udalbatzak izango duen konposiziogatik

Jon Garro, politologoa 2015ko mai. 8a, 09:17

Arin edo astiro, dagoeneko lau urte pasa dira 2011ko maiatzeko udal hauteskundetatik. Orduan Bilduren (i)legalizazioaren eztabaidak markatu bazuen kanpaina, aurten aldiz, Estatuko indar politiko berriek euskal udaletan izango duten eragina da debate nagusia, batez ere Podemosi begira, ez baita espero Ciudadanos momentuz sendotzea. Era berean, EH Bilduk duela lau urte botere instituzional handia lortzerakoan askok iragarritako desgastea benetan emango den argituko da. Zentzu horretan, EAJk maiz erakutsi du lau urte hauetan zehar “bereak” ziren instituzioen “lapurreta” sentsazio izan duela, eta “berena” dena berreskuratzeko zain dago. Eta PPk eta PSE-EEk, estatu mailako beherakadaren testuinguruan, porrota txikitu eta duela lau urteko emaitzei eustea espero dute.

Bilbora begira, 2011an EAJ garaile izan zen, Iñaki Azkuna alkatetzarako hautagai izanik. Gehiengo absolutua eskuratu zuen, 15 zinegotzi. Bigarrenik, PP kokatu zen 6 zinegotzi  lortuz. Bildu hirugarren eta PSE-EE laugarren izan ziren, bakoitzak 4 zinegotzi eskuratuz. Eta azkenik, Aralar (orduan koalizio abertzaletik kanpo) eta Ezker Batua udaletxetik kanpo geratu ziren.

Aurten, EAJk helburu argia du; Bilboko Udala, bere botere instituzionaleko aktibo nagusienetariko bat, bere eskuetan mantentzea. Eta inkesten arabera, erraz izango du. Egia da aurten ez duela “Azkuna-efektoa” izango, gainontzeko alderdien boto emaileak erakartzeko gai zena (batez ere PP eta PSEtik), eta legealdi honetan izandako gehiengo absolutua errepikatzea zail izango dutela onartu du. Zentzu horretan, EAJ aspalditik hasi zen kalkulu elektoraletan bere hautagai aukeratzeko, boto galera hau ahalik eta txikien izateko asmotan. Pixkanaka pixkanaka zurrumurruak haziz joan ziren, izen asko tartekatuz, haien artean Ibone Bengoetxea zinegotzia, Josu Erkoreka kontseilaria eta Jose Luis Bilbao Diputatu Nagusia bera ere. Azkenean, alderdi jeltzaleak Juan Maria Aburto deustuarra izendatu zuen. Aburtoren izendapenarekin, Gizarte Ekintzako diputatua eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua izandakoa, alderdi jeltzaleak perfil sozialeko hautagaia aurkeztu nahi zuen, krisi ekonomikoak eragindako ondorioen aurrean.

EAJren kanpaina Aburto Ibon Aresoren ondorengotza naturala izango balitz moduan aurkeztera bideratu da, dagoeneko alkate funtzioetan arituko balitz bezala. Hau da, “normalena” Aburtok Areso ordezkatzea litzatekeela ulertarazi nahian. Azkeneko hilabetetan publikatutako inkesten arabera (Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, El Correo, Gara, El Mundo) EAJk bilbotarren %36 eta %40 arteko botoak eskuratuko lituzke, eta 12-14 zinegotzi bitartean (orain 15 ditu). Nahiz eta boto galera bat antzeman, ez da alternantzia bat emateko galera nahikoa izango, eta badirudi EAJk 1979tik gobernatzen duen instituzioa mantendu egingo duela. Izan ere, ezinezkoa litzateke oposizioko alderdi guztien arteko paktua beste alkate bat adosteko.

Bestetik, EH Bildu koalizioa aurten ilegalizazioaren mamurik gabe eta Aralar alderdia barneratuz aurkeztu egiten da. Bere helburua duela lau urte lortutako emaitzak handitu eta udaletxeko bigarren indarra moduan kokatzea da. Horrela, legealdi honetan egindako oposizio lanek, agian udal plenoetan egon den “benetako oposizio” bakarra, bere fruituak ematea espero dute. Oraingo honetan Aitziber Ibaibarriaga da koalizioaren hautagaia, Txema Azkuenagaren dimisiotik Bilduko bozeramailea izan dena. Ibaibarriagak Azkunaren aurrean izandako posizio kritikoak bere burua ezagutaraztera eraman du, ez bakarrik boto emaile abertzaleen artean, baizik eta bilbotar askoren artean ere. El Mundoko inkestaren arabera, bigarren hautagai ezagunena da, Aburtoren ostean. Atzetik zerrenda berritua darama, plenoko gainontzeko hiru zinegotziek ez baitute errepikatuko. Bildu optimista azaltzen den hauteskundeei begira, bere lana baloratua izango zelakoan, baina harri more bat agertu zaio bidean; Podemos–Ahal dugu.

Podemosek, polemika, zurrumurru eta “sigla-dantza” korapilatsuen ostean, Ganemosekin batera (Ezker Anitza, Equo…) “Udalberri-Bilbao en Común” herri hautagaitza osatu du. Pablo Iglesiasek gidatutako alderdiak adostutako estrategiaren arabera, alderdi morea herri kandidaturetan aurkeztuko da udal hauteskundetan, “Podemos” marka erabili gabe. Izan ere, ez dute euren “marka” erre nahi, urte amaierako hauteskunde orokorretara begira, euren benetako helburua. Erabaki honek eztabaida korapilatsuak eragin ditu ezkerreko indar txikien artean, ez bakarrik Bilbon, baizik eta estatu mailan. Horrela, soilik bost probintzi hiriburutan aurkeztuko dira batera Podemos eta IU, haien artean Bilbo.

Dena dela, inkestek estreinu nahiko positiboa antzematen dute formazio berriarentzat. Egia da ziurrenik ez dela izango estatu mailan bezain indartsua, baina agian EH Bilduri bigarren posizio lehiatzeko beste. Koalizio abertzalea 3-5 zinegotzi bitartean mugitu izan da (orain 4 ditu), baina inkesta “optimistenak” zaharrenak dira ere (Gara, azarokoa);  berrienak 3-4 zinegotzirantz jotzen ari dira. Aldiz, Udalberrik 4-5 zinegotzi bitartean mugitu da, baina inkesta berrienek 5 zinegotzirantz jotzen dute. Hau da, kontrako joera.

Hortaz, lehia gogorra antzematen da, ez bakarrik Bilboko bigarren indarra izateko, baizik eta oposizioko indar nagusia bihurtzeko ere. Lehiaren emaitza EH Bilduk duela lau urte lortutako boto emaileak mantentzeko ahalmenaren araberakoa izango da. Egia da Podemosen boto emaile gehienak PSE-EEtik, IUtik (Bilbon batera doaz ala ere), eta abstentziotik datozela, baina ez litzateke arraroa izango boto multzoren bat EH Bildutik iristea. Duela lau urte, Bilduren (i)legalizazioaren kontestuan, boto emaile askok koalizio abertzalean ikusi zuten “merkatu elektoraleko” benetako ezkerreko erreferentzia bakarra; baina perfil abertzalea ez zuten askok orain Podemoserantz jotzea posiblea da.

Hala ere, bigarren posturako lehia honetan ez dugu Alderdi Popularra ahaztu behar. Izan ere, horrela darama izaten 1995ko hauteskundetatik (2011an 5 zinegotzi). Arantza Quiroga presidente berriak bere gustukoak ziren izenak ezarri ostean, Luis Eguiluz izango da alderi kontserbakorreko alkatetzarako hautagaia. 2011an estatu mailan botere instituzional erraldoia lortu ondoren, egun PP krisi elektoral sakonean dago, krisi ekonomikoaren gestioa eta ustelkeri kasuak direla eta. Bilbon desgastea izatea espero da ere, baina agian ez hain sakona; urtez Azkunari “prestatutako” boto emaileak itzultzea espero du PP-k. Inkesten arabera, 3-4 zinegotzi bitartean mugituko da, baina beti ere ezkerreko bi koalizioen atzetik boto kopuruan. Badago El Mundoko ikerketa bat 5 zinegotzi ematen dizkiona, bigarren indarra izanik. Zaila dirudi, baina Bilboko historia elektoralari erreparatuz, ez litzateke hain arraroa izango ere.

PSE-EE ez dabil ere bere momentu onenean. Oraindik ez da 2011ko porrotatik errekuperatu, 7 zinegotzitik 4ra jaitsi zenean. Gainera, konpetidore berria agertu zaio ezkerretik, Podemos, PSE-EEko boto emaile desengainatu asko erakarri dituena. Aurten Alfonso Gil izango da hautagaia, udalbatzan bozeramaile lanetan ibili ondoren. Inkesten arabera, 3-4 zinegotzi bitartean egon daiteke alderdi sozialistaren emaitza. 4 baldin badira, ziurrenik PSE-EEk sinatuko lukeen emaitza, aurpegia salbatuko du. Aldiz, 3 badira, porrot handia (beste bat) suposatuko luke.

Bukatzeko, Ciudadanosek, azken hilabetetako telebista kate gehienetako fenomeno politiko berria, Podemos berari ere itzal egin diona, zail izango du udalbatzan lekua lortzeko. Ez da espero Bilbon Estatuko hiri nagusietan izango dituen emaitzetara hurbiltzea, eta inkesta “optimistenaren” arabera (El Mundo) askoz jota zinegotzi bakarra lor dezake, ziurrenik PPri kendutako botoekin.

Laburbilduz, aurten Bilboko udal hauteskundeak lehiakorrak datoz, irabazleagatik baino udalbatzak izango duen konposiziogatik. Ziurrenik EAJ nagusituko da, gehiengo absolutu barik baina paktu puntualekin eroso gobernatzeko posizioan. EH Bilduk lau urte hauetako oposizio lanek bere emaitzak ematea espero du, bigarren indarra eta oposizioko formazio nagusia bihurtuz. Helburu horren bidean Udalberri (Podemos) agertu da, eta argitu egingo da alderdi berriak hedabideetan izandako zalaparta ia benetan islatu egiten den botoetan. PPk ere bere beheranzko joera eten eta historikoki berea izan den bigarren postuari eutsi nahi dio. Eta azkenik PSE-EEk, zail izan arren, duela lau urteko emaitza behintzat mantentzea espero du. Dena den, inkestak gora eta behera, benetako inkesta maiatzaren 24ko hauteskundeetako izango da, Bilboko izaera politikoaren errealitate eta kontraesanak agerian utziko dituena.

 

Inkesten iturriak

http://www.elmundo.es/grafico/espana/2015/04/07/552303b8ca474138228b4576.html

http://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/127/500/original/20141116_encuesta_bizkaia_01.pdf

https://www.euskadi.eus/contenidos/informe_estudio/o_15sv57prevision/es_def/adjuntos/15sv57_previsiones.pdf

http://pasaporteelectoral.com/2015/03/13/encuesta-ikerfel-bilbao-el-pnv-mantiene-la-capital-vizcaina/