Parodia egin zuten atzo auzotarrek ustezko presidente biren bisita antzeztuz. Segurtasun neurri zorrotz artean heldu ziren Bilbo Zaharrera hauteskunde kanpainan murgildutako politikariak auto handi batean. Etengabe oinezkoak agurtzen jardun zuten, atzetik 'Nuestros barrios existen? Entzungo gaituzte!' zioen pankarta eta manifestazioa zutela.
Erakundeen jarregatik, "batik bat" Udalarena, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoek "utzikeria egoera larria" bizi dutela salatu zuten. Ondorio zuzenak izan ditu utzikeriak, auzotarren "zati handi batek" bazterketa egoera bizi du edota bazterketatik hurbil dagoen egoera.
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako hiritarrentzako "justizia soziala eta eskubide sozialak" aldarrikatu dituzte koordinadorako kideek: "Pertsona ororentzat hiri barneratzaileagoa, parte-hartzaileagoa eta solidarioagoa exijitzen dugu. Gure eskubidea da".
Langabeziaren aurrean 'txoke' plan bat behar dutela adierazi zuten auzo elkarteek: "Batik bat, formakuntza eta enplegu planak gazte eta emakumeentzat". Aisialdi eta Kultura arloan, "ekimen alternatiboak sustatu" nahi dituzte eta, ekonomia arloan, "gizarte-ekonomia elkartasun-ekonomia proiektuak garatu". Asmo horiek gauzatu ahal izateko auzoetako "lonja hutsak eskatzen ditugu", bereziki Udalarenak direnak.
'Ez eman botorik', kanpaina
Apirilaren 27an, astelehenarekin, ekin zioten auzo elkarteetako kideek 'Ez eman botorik' kanpainari. Kalean kartelak eta sare sozialetan mezuak eta bideoak zabaldu dituzte. Kanpainarekin "alderdiei deia luzatu nahi diegu auzoak hobetzeko proposamenak egin ditzaten". Bide batez, auzokideak kontzientziatzea dute xede "alderdiak presiona ditzaten".