Harley Davison motorrak etengabe entzungo dira jarduerez betetako asteburuan

uriola.eus 2015ko mai. 15a, 09:40

Argazkia: @SabinAnuzita

Bigarren urtez jarraian Bilboroad jaialdia antolatu dute Bilbon. Aurtengoa estatu mailako Harley Davison motorren kontzentrazio handienetarikoa izango da. Gaurtik igandera Bilboko kaleek urruma egingo dute.  

Bilboroad 2015 ekimeneko agendan, ibilbide desberdinak egingo dira hiri barruan, errepideetan eta kostaldean, Roll Roycen munduko erakusketa handienetariko bat bisitatu ahal izango da, musika jaialdia ere izango da Luber Jack musika taldearen zuzenekoarekin eta bestelako jarduera gehiago ere antolatuko dira.

Herri Kirolen erakustaldia, umeentzako tailerrak eta aerografia txapelketa bat ere badira Bilboroadeko bigarren edizio honetan. Txapelketak bi sari mota eskainiko ditu, lehenengoa 1.000 eurokoa eta bigarrena 500 eurokoa. Oinarriak www.bilboroad.com web orrialdean daude ikusgai.

Igande goizean, banderen desfile koloretsu batek amaiera paregabea emango dio Bilbo moto festa handi bihurtu dadin.

Informazio gehiagorako edota kontsultaren bat egiteko web.chapter@harleydavidsonbilbao.com helbide elektronikoan egin daiteke; eta izen emateak www.bilboroad.com web orrialdearen bidez egin ahal izango dira.

Ekimena, Bilbao Chapterrek eta Harley Davidson Bilbaok antolatuta, Bilboko Udalaren eta Bilbao Ekintzaren babesa du eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilbao Centro, EHDP, Estrella Galicia, Ganene Jatetxea, Artea Higiezinen-Agentzia, Galea Electric eta Gurutze Gorrikaren laguntza ere badu.

Bilboroadeko aurtengo edizioan inskribitzeko bi modu daude. Alde batetik, Harley Owners Group (HOG) taldeko kideek 40 euroko inskripzioa egin ahal izango dute asteburu osorako; beste alde batetik, larunbatean, maiatzaren 16an eta igandean, maiatzaren 17ko goizean antolatutako jarduerez gozatu nahi dutenek, 15 euro ordaindu beharko dute inskripzioa egiterako orduan. Ekitaldia Harley eta mota guztietako Custom motoentzat zabalik egongo da.