Bobby Sandsen biografia euskaratu dute Jurgi Garitagoitia eta Aitzol Iriondok

uriola.eus 2015ko mai. 12a, 10:00

Argazkia: Txalaparta

‘Bobby Sands. Martxa baten lehen notak’ argitaratu berri du Txalapartak. Jurgi Garitagoitia eta Aitzol Iriondo preso politikoek ekarri dute euskarara Denis O’Hearnek idatzitako 500 orrialdeko biografia.

1981eko maiatzaren 5ean, 66 eguneko gose-grebaren ostean, Long Kesh kartzelako ospitalean hil zen Bobby Sands. Ipar Irlandako langile-klaseko familia batean hazitako gaztea. IRAko boluntarioa. Britainiar parlamentaria. Poeta. Mugimendu errepublikanoko liderra.

Bera eta beste bederatzi burkide heriotzeraino eraman zuen borrokak mundu mailako ikono bihurtu zuen. Hala ere, Denis OHearnek biografia hau idatzi zuen arte ezer gutxi genekien haren bizitzaz. Orriotan, gazte engaiatu baten bizitza kausitzen dugu, West Belfasteko kaleetatik mugimendu errepublikanoko zuzendaritzara eraman zuen ibilbide koherente eta eskuzabala. Bobby Sands eredu izan da mundu osoko borrokalarientzat; hona hemen iraultzaile handi baten bizitza- eta duintasun-testigantza.

Jurgi Garitagoitia bilbotarrak eta Aitzol Iriondok, euren senideek irakurri duten ohar baten bidez, eskerrak eman dizkiete liburu hau posible egin duten guztiei eta itzulpena "gure oihua" bilakatu dutela ziurtatu dute: "Kartzelari egunero aurre egitearen borroka gogorra izanik beste irtenbiderik ez dagoela iritzita, gorputza armatzat hartuta odolez gure mezuak idatzi ditugu ziegaren paretetan. Ez dago irakaspenik, ez dago leziorik liburu honetan, dago elkartasuna, dago konplizitatea, dago maitasuna eta dago bizitza. Barrote artetik oihua egiteko beharra ikaragarria delako". (www.naiz.eus-etik hartua)

 

www.txalaparta.eus