Bilboko Elkar megadendan izango da aurkezpena, gaur, hilak 13, 10:30ean, eta bertan izango dira Alaine Agirre, Miren Agur Meabe, Eider Eibar eta Xabier Mendiguren (editorea).
Hau ez da zoo bat!
Malenek betidanik nahi izan du animaliaz inguraturik bizi, baina kaleko pisu batean ez da erraza, eta gurasoek ez dituzte ikusten eragozpenak baino. Oztopoak oztopo, Malenek aurrera egingo du. Lehenengo, ikasgelako landare eta animaliak zainduz. Gero, andereño Anak oparitutako arrain parea gobernatuz. Eta ondoren etorriko direnak…
Abenturaz, umorez eta samurtasunez beteriko istorioa idatzi du Alaine Agirrek, animaliek ematen duten poza eta, era berean, eskatzen duten ardura erakusten dituena, eta liburu honek irabazi du haur literaturako Xabier Lizardi saria.
Bihotzak dun-dun
Learen aita langabezian geratu, eta goiko Ixidro zaharra zaintzen hasi da. Neskatxoak harreman hori, eskolako gorabeherak, familiako kontuak, lagunen arteko abenturak eta abar kontatuko dizkigu, baita noizean behin izaten dituen “bidaiak” ere. Bidaia horietan amets bera izaten du beti: oraindik zein den ez dakien lore bat topatu beharra. Urtaroen haritik eta hainbat testu mota erabiliz –gutunak, poemak, igarkizunak, kantak…– ume sentibera baten eguneroko bizimodua kontatu digu Miren Agur Meabek.
Errotondan bueltaka
Urko, egunero bezala, autobusera igo da eskolara joateko. Eta, egunero bezala, autoz betetako errotonda batean geratuko da autobusa. Urkok izugarrizko txizagura du eta autobusaren geldialdia aprobetxatuko du jaitsi eta errotondan pixa egiteko. Baina autobusak ihes egingo dio eta hantxe geratzea beste erremediorik ez du izango. Gauza harrigarriak ezagutuko ditu bertan. Lewis Carrollen Alizia herrialde miresgarrian liburua motxilan sartuta iritsi da Urko errotondara. Irudimenez eta fantasiaz gainezka egiten duten pasadizoak biziko ditu bertan eta, irtetean, zer pentsatua emango dioten hainbat kontu eramango ditu berarekin.
www.111akademia.com-tik hartua