Bilbok, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen (www.fantbilbao.net) Sekzio Ofizialean lehiatuko den Michael R. Steves Texaseko zinegile gaztearen Clinger (EEBB, 2015) lehenengo film luzearen Estatuko premierea jasoko du. Filma gaur gauean eskainiko da, 22:15etik aurrera, Golem – Alhondiga zine aretoetan, eta zuzendaria bertan egongo da. Zuzendariak gaur goizean aurkeztu du lan berri hau medioen aurrean, Justo Ezenarrok, FANT 21eko zuzendariak, lagunduta.
Michael Steves Houstoneko, Texas, 24 urteko idazle eta zuzendaria da. Publizitate iragarkiak zuzentzen ditu eta beldurrezko film independenteetarako idazten du. 2013an Zinean eta Nazioarteko Harremanetan graduatu zen Wesleyko Unibertsitatean. Graduatu eta denbora gutxira, bere adiskide hoberenak elkartu eta bere lehenengo film luzea izango zen Clinger lanaren ekoizpena hasi ahal izateko behar adina diru biltzeko crowdfunding kanpainari hasiera emateko konbentzitu zituen.
Clinger, umeentzako Phineas & Ferb marrazki bizidun seriearen protagonista den Phineas Flynnen jatorrizko ahotsa den Vincent Martella protagonista duen komedia sobrenaturala da. Horrez gain, The Walking Dead telesail ezagunaren hiru ataletan ere agertu da. Filmak, institutuko mutil lagun posesiboa istripu grotesko batean hiltzen denean, Fern Petersenen bizitza kontrolik gabe geratzen dela kontatzen du. Gauzak are gehiago okertuko dira mutil laguna mamu maitemindu gisa itzultzen denean, bera hiltzeko asmoz, betirako elkarrekin egoteko.
Fantrobia saria
Beste alde batetik, fantasiazko generoan gero eta indar gehiago duen pertsona edo taldea saritzen duen Fantrobia Saria Hatem Kraiche Ruiz-Zorrilla Salamancako gidoilariari emango dion Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 21ek, Retornados filma eskainiko du bihar, asteazkena, arratsaldeko 17:45ean. Aurretik, Khraiche komunikabideekin bilduko da.
Aita libanoarra eta ama espainiarra dituen Hatem Khraiche (Salamanca, 1976), genero horretako bi film luzeren gidoilaria da, La cara oculta (Andrés Baiz, 2011) eta FANT 21en barruan eskainiko den Retornados (Manuel Carballo, 2013). Horrez gain, hainbat film labur zuzendu ditu, eta film luzeen zuzendari gisa egingo duen debuta prestatzen ari da, Órbita lana. Bere aurreko proiektuetan gertatzen zen bezala, zientzia fikziozko film horretan ere ezer ez da dirudiena.
Horrez gain, FANT 21ek, duela denbora gutxi hil den eta 2012an Bilboko Zinemaldi Fantastikoko – FANT-eko epaimahaiko kide izan zen Alex Angulo antzezleari egingo zaion emanaldi-omenaldia programatu du biharko, asteazkenerako. Horrela, FANTeko Maisuak ziklo paraleloan, Alex de la Iglesiak zuzendutako El dia de la bestia ikusi ahal izango da, areto komertzialetan estreinatu zenetik bi hamarkada betetzen diren honetan. Saio berezia arratsaldeko 20:00etan hasiko da Golem-Alhondiga zine aretoetan.