Itxasoren gabezia neurologikoa Euskal Herriko familia ugarik gertutik bizi duten egoera

uriola.eus 2015ko mai. 22a, 09:06

'Itsasoari begira' dokumentala, aurreko astean Elgoibarren estreinatu ostean, gaur, maiatzak 22, Bilbon estreinatuko dute. Dokumentalak, Itxasoren bizitza abiapuntutzat hartuta, gabezia neurologikoak dituzten haur berezien munduaren berri ematen du, era atsegin eta gozo batean.

Bilbotarra da dokumentaleko lantaldea, baita Itxaso eta bere familia ere. Dokumentalean parte hartu dute, besteak beste, Santutxuko Karmelo ikastolako haurrek (ahotsa eta promoak) eta Aiora Renteria kantariak (ahotsa).

Dokumentala haur “ezberdinen” unibertsoa ezagutzen ez dutenentzat da Lorea Perez de Albeniz gidoilari eta zuzendariaren esanetan, eta batez ere, haurrak dituzten gurasoei zuzenduta dago.

Itxasok, Maierrek, senideek eta gertuko lagunek euren bizipenak eta sentimenduak azaltzen dituzte bertan. "Maitasunez, ausardiaz eta kemenez osatutako istorioa" da. Horren inguruan mintzatu ez, baina "jakinmin handia pizten duen gaia bati zuzendutako begirada gozoa da". Finean, mundu zabalean ematen dena, eta Euskal Herriko herritar askok gertutik bizi dutena.

Aspace Konfederazioaren laguntza izan du (dokumentalari buruzko albisteak zabaldu ditu eta Aspace-­Loiuko haurrek dokumentalean parte hartu dute); Fevasek eta Feder erakundeek ere laguntza eman digute, baita Estatuko beste zenbait erakunde esanguratsuk ere. Durango, Sopela eta Galdakaoko ikastetxeek dokumentalaren ekoizpenean parte hartu dute. 

2011. urtean proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Ikus-­entzunezko Proiektuen Garapenerako dirulaguntza eta gidoia garatzeko dirulaguntza jaso zituen. 2012. urtean crowdfunding kanpaina bat jarri zen abian, eta hainbat norbanako eta erakunde pribatuk dirulaguntza eman zuten. 2014. urtean Elgoibar eta Galdakaoko Udalen laguntza ekonomikoa jaso zuen.

Estreinaldia
Non: Bilbon, EHUko Bizkaia Aretoan
Noiz: maiatzak 22 ostirala
Ordua: 20:00
 
Sarrera doan. Gonbidapenak online hartu beharko dira, Bizkaia Aretoaren web atarian.