Roque Dalton El Salvadorreko poeta eta iraultzailea gogoan

uriola.eus 2015ko mai. 20a, 08:30

Bere heriotzaren 40. urteurrenean, Roque Dalton, ¡Fusilemos la noche! dokumentala aurkeztuko du Tina Leisch zuzendariak Euskal Herrian. Gaur arratsaldean izango da filma ikusteko aukera Hika Ateneoan.

El Salvadorreko Ejercito Revolucionario del Puebloko (ERP) kide batzuek hil zuten 1975eko maiatzaren 10ean, Roque Dalton, El Salvadorreko poeta eta iraultzailea. Roque gerrillari erakunde horretako militantea izan zen.

Haren zoritxarreko heriotzaren 40. urteurrenean Roque Dalton, ¡Fusilemos la noche! (2013, 86 minutu) dokumentala eskainiko du Hika Ateneoak Tina Leisch zuzendariaren eskutik.

Tina Leischek bere burua zinema, antzerki eta literaturako langiletzat dauka. Gizarte gatazkei buruzko antzerki esperimentalen proiektuei esker ezaguna da. Haren esanetan pelikulak gonbidatzen gaitu “Daltoniko bideak ezagutzera hitzen deskolonizaziorantz, jakinda deskolonizazioak ez duela hitzekin bakarrik arrakastarik lortuko”.

Filman Roqueren lagunen, familiaren, maitaleen eta borrokarako kideen testigantzak azaltzen dira. Haren poesiak irakurtzen eta azaltzen dituen pertsonak aurkituko ditu ikusleak El Salvadorren, Vienan, Pragan eta Habanan.

Roqueren bizitza

Abenturazko nobela bat da eta bere poesia "utopia politikaren eta gogo biziaren arteko izpi-leherketa, pentsaera iraultzailearen eta heresien aldeko obsesioaren artean". El Salvadorreko diktadurak heriotza-zigorra jarri zioten bere ekintzen subertsiboengatik, baina bi aldiz exekuziotik ihes egitea lortu zuen. Erbestaldia Mexikon bizi izan zen, Pragan eta, batez ere, Kuban, hango gobernu iraultzaileak lan egiteko baldintza oso onuragarriak eskaini baitzizkion. Irla askatuaren giro intelektual emankor horretan bere lanaren zati handiena idatzi zuen.

El Salvadorreko lehenbiziko gerrilan sartu zen, Ejercito Revolucionario del Pueblon, ERP. Erakunde horretako kide batzuek hil zuten, eta oraindik orain argitu gabe dago Roqueren hilketa.

"Zorroztasun antikapitalistaz borrokatu zen globalizazioranzko bidean zegoen pop-kulturaren kontra eta tradizioko alderdi komunisten kontzeptu politikoak bere umore zorrotzarekin kritikatu zituen, 60ko eta 70eko hamarkadetako Hego Amerikako mugimendu iraultzaile artean borrokarako eta askatasunerako kontzeptu berriak garatzeko".

 

Roque Dalton, ¡Fusilemos la noche! dokumentalaren proiekzioa

Gaur, maiatzak 20 asteazkena, Hika Ateneoan, 19:30ean. Dokumentalaren ostean zuzendariarekin solasaldia izango da.