Argazki mota bat aukeratzekotan “hiriko argazkiak” aukeratuko lituzke. “Hiria magikoa da, guztiz aldakorra; eguraldia, argia, jendearen arropak eta jarrerak... dena aldatzen da etengabe; eta aldaketa bakoitzak argazki berri bat eskaintzen dizu. Argaki segidak egitea gustatzen zait; edonork egin ahal du argazki on bat, baina gai bat aukeratzea eta gai hori ikuspuntu desberdinetatik jorratzea gustuko argazki sorta bat lortu arte beste gauza bat da”.
Normalean proiektu bat baino gehiago izaten du Julen Landak esku artean. Azkenaldian Zorrotzaurretik dabil bueltaka. “Gune osoa zerupeko erakustazoka da, graffitiz beteta dago; arkitektura ere oso berezia da, hondamendi industrialez eta jarduera alternatiboz josita. Denbora gutxi barru izugarrizko aldaketa izango du; orain ikusi ahal dugun auzoa argazkietan baino ez da geratuko”. Zer gustatuko litzaioken galdetuta, Julenek bizkor erantzuten du: “Izugarria litzateke 1980ko hamarkadako Bilbora itzultzea kamara digital batekin, garai horretan egin ez nituen argazkiak egiteko”.