Uztailaren 3ra arte zine aretoetara helduko ez den Asesinos inocentes zinegile sevillarraren fikziozko lehenengo film luzea da. Umore beltz asko duen suspense klasikoko filma Nazioartean Miami International Film Festival izenekoan aurkeztu zen, eta Malagako 18. Zinemaldiaren Sekzio Ofizialean parte hartu zuen.
Francisco Garralda (Maxi Iglesias) arazo ekonomiko larriak dituen unibertsitateko ikasle arduragabea da. Ezinbestekoa zaio lizentziatzea, eta Sebastian Espinosak (Miguel Angel Sola) bere psikologia irakasleak, azterketak gainditzea eskainiko dio, horren ordez bere ikasleak graduazioko azken lana egitea onartzen badu: irakaslea bera hiltzea.
Gonzalo Bendala (Sevilla, 1978) ekoizle, zuzendari eta gidoilariak, Áralan Films sortu zuen 2004an Marta Velascorekin. Bere proiektu gehienak etxe horrekin egin ditu. Zinegile gisa egin dituen lanen artean azpimarragarriak dira Penumbra 3D: el desafortunado reencuentro de Larry y Bird film labur estereoskopikoa (Goya 2012 sarietarako aurre-aukeratua), Spain in different (2009) umorezko seriearen episodio pilotua, Descubriendo a Colón (2008) eta La Guerra Civil en Andalucía (2007) serie dokumentalen fikziozko errekreazioak, eta Feliz Navidad (2007), Penumbra (2006), Días Rojos (2004) eta El Orgullo (2002) film laburrak. Ekoizle gisa egin dituen lanen barruan azpimarragarriak dira Los niños salvajes (2012) film luzea eta Espagueti Western (2008) film labur animatua. Lan horrek 2009. urteko Goya sarietarako izendapena jaso zuen eta gidoilaria eta zuzendari artistikoa ere bera da.
Amaiera ekitaldia
Emanaldia zinemaldiaren amaiera ekitaldiaren barruan izango da, gaur, hilak 15, 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK Aretoan. Ohikoa denez, ekitaldi horretan aurtengo edizioko sariak banatuko dira, eta La hora del baño film laburra, ekitaldian egongo den Eduardo Casanova zuzendari eta antzezlearen azken lana.
Film laburraren protagonistak Macarena Gomez eta Gonzalo Kindelan dira. La hora del baño beldurrezko film desatsegina, nahasgarria eta korapilatsua da. Maitatzeko gai ez diren arren euren bikotea salbatzeko ahaleginetan ari diren bi pertsonaren borroka kontatzen du. Genero gore beldurgarriaren eta melodramaren arteko nahasketa, arrosa kolorez makilatutako hondamendia.