Ideiak Martxan lehiaketan saritutako 'Panorama' ekimenaren bi kontzertu maiatzean eta ekainean

uriola.eus 2015ko mai. 15a, 09:30

Ideiak Martxan lehiaketan saritutako zortzi ekimenak abian daude dagoeneko. Saritutako proposamenetako bat 'Panorama' da, musika-talde hasiberrientzako kontzertuen zirkuitu bat. Kontzertu bi aurkeztu ditu; hauek doakoak izango dira, bata maiatzaren 16an eta bestea ekainaren 5ean.

Maiatzaren 16an, 20:30ean hasita, Dock aretoan, Uribitarte pasealekuko 3an Educados bilbotarrek euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute. Taldeak Bilbao Hiria Pop-rock lehiaketaren 25. edizioan lehenengo aldiz ustekabeko maila eman zuen taldearentzat emandako saria irabazi zuen. Oraingo kontzertuan Rural Zombies donostiarrak (lehiaketaren 26. edizioan parte hartuak) eta Reimy DJ ere arituko dira.

Ekainaren 5ean aldiz, 20:00etan hasita, Hika Ateneoan, Franco bilbotarrak, Los Nastys madrildarrak eta Let DJ entzungai egongo dira.

'Panorama' ekimena kontzertuen zirkuitua da, Bilboko panorama musikal independentea hiriko areto batzuetan agertzea xede duena.  Bertoko bandak eta beste hiri batzuetako bandak arituko dira kontzertuetan, elkarren berri edukitzeko eta lana zuzenean erakuts dezaten errazteko.  Bilbon aritu ondoren, Bilboko bandak beste hiri batzuetako lokaletan eskainiko dituzte kontzertuak.  Bertoko sormen-arloko beste sektore batzuetakoek ere parte hartuko dute; esate baterako, diseinugileek zirkuituaren kartelak egingo dituzte eta ikus-entzunezkoen teknikariek egingo dute zuzenean eskainitako kontzertuen laburpena jasoko duen bideoa.

Bilboko gazteen eta gazteen kolektiboen sormen-ekimenen garapenari laguntzea du xede lehiaketak; eta horrekin batera Bilboko bizitza soziala eta kulturala aberastea.  Lehiaketa honen bidez, Gazteen Gaietarako Zerbitzuak 18 eta 35 urte bitarteko Bilboko gazteek euren proiektuak garatzen esperimentatzeko eta ikasteko aukera izan dezaten nahi du. Azaroaren 20an, lehiaketari amaiera emateko Bilborocken jai bat izango da eta horretan saritutako ideia batzuk gauzatuta ikusteko aukera egongo da.

Gazteak dira saritutako ekimenen liderrak eta arlo hauetakoak dira: turismo, arte, musika eta jasangarritasunaren arlokoak.