Beste behin, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Auzoetako Koordinadorak finkatutako gehienezko partaideen kopurura iritsi da izen-ematea. Mariaren Bihotza plazan 3.300 lagun inguru elkartuko dira bihar, 106 taldetan antolaturik, nor bere arroza prestatzeko.
15:00etatik aurrera euri arriskua handia dela eta, antolatzaileen gomendioa da jaimak, karpak edota babesteko balio duten objektuak eramateko. Horrela bermatu ahalko dute ekimenak aurrera egitea.
Aldarrikapen, lankidetza eta parte hartzeko espazioa
Munduko Arrozen eguna aldarrikapen eta eskaera erreibindikatiboak egiteko hitzordua ere bada. Antolakuntzak talde partaideak kartel, irudi, kuña eta bideoak grabatzera animatu ditu beren-beregi biharko egunean erakutsi eta zabaltzeko. Bitarteko horiekin adieraziko dute "parte-hartze eraginkorra, kulturen aniztasuna, kulturenartekotasuna, espazio herrikoien berreskuratzea eta auzoen hobekuntza", besteak beste. Horiekin guztiekin horma-irudi bat sortuko dute bihar.
Laguntza
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Auzoetako Koordinadorak "hasiera bateko irizpideari" eusten dio eta Munduko Arrozak ekimena "eratzen, bultzatzen eta parte hartzen duten pertsona eta taldeen laguntzarekin autogestionatzen" jarraitzen du.
Lehen 10 edizioetan izen ematea erabat doanekoa izan zen. "Koordinadoran gaudenon, borondatezko talde eta pertsonen laguntzarekin eta zenbait produkturen salmentarekin" atera du aurrera Munduko Arrozak.
Iaz pertsona bakoitzeko euro baten kuota ipintzea erabaki zuen Koordinadorak. Kuota izena ematean ordaindu zen. Aurten, diru kontuan "aiseago" dabiltzan taldeak "kuota hau gainditzera animatu dituzte. "Ulertu behar da baita ere, talderen bat zailtasun ekonomiko larriekin badabil, eman dezala ahal duena. Laguntza honekin, eta aurreko urteetan hartu diren neurriekin, ekimenaren diru kontuari aurre egiteko gai izango garela uste dugu".