Bilboko talde feministak gara eta… Bilbo Feminista orain nahi dugu!

Bilbo Feminista Eraikitzen 2015ko mai. 20a, 11:13

Argazkiak: @EcuadorEtxea

Bilboko Mugimendu Feministak 40 urte baino gehiago borrokan diharduen arren, Bilbon ez daukagu ez Emakumeen Etxerik, ezta Jabekuntza Eskolarik; eta berdintasun arlorako aurrekontu lotsagarriak izaten jarraitzen dugu, genero politikarik eta lerro estrategikorik gabe.

Gainera, Udalak Mugimendu Feministarekin kontsultatu eta lotu barik egiten ditu Berdintasun Planak. Gure udalaren berdintasun politiken egoera beste herrialde bietako hiriburuetakoekin eta beste herri batzuetakoekin konparatzen badugu, argi ikusten da berdintasuna ez dela Bilboko Udalaren apustu estrategikoa.

Horregatik ekintzetara pasatzeko garaia dela uste dugu. Udalak ez ditu berdintasun arloko eskakizunak eta premiak betetzen eta horregatik Bilboko Mugimendu Feministak planto egin eta BILBO FEMINISTA eskatzen dugu.

 

Hauxe eskatzen dugu:


- Emakumeen Etxea. Lotsagarria da Bilbo bezalako hiri batean Emakumeen Etxerik ez izatea, biztanle gutxiagoko hiriek eduki baitituzte. Mugimendu feministaren berezko lekua nahi dugu, parte-­hartze, elkartasun eta onarpenerako topalekua, kontzientzia hartze eta taldeen artikulaziorako espazioa.

Emakumeen Dokumentazio Zentroa modu eraginkorrean laguntzea, iraunkorra izan dadin eta eskaintzen dituen zerbitzuen baldintzak hobeak izan daitezen.

Heziketa Feministako Eskola. Euskal Herriko udal ugaritan Jabekuntza Eskolak daude. Bilbon ere Jabekuntza Eskola nahi dugu, Bilboko herritarrei heziketa feminista eskainiko diena, parte-hartze sozio-­politikoa sustatze aldera.

-­ Bilboko emakumeen beharrei erantzungo dien aurrekontua, eta batez ere, diru-­laguntza duinak emakume talde eta talde feministentzat. Udalari eskatzen diogu berdintasuna lortzeko ekintzetarako duela 5 urte bideratzen zuen aurrekontua berriro ere eskaintzea.

-­ Bilbon, indarkeria sexista prebenitzeko plan orokorra behar da, egiturazko arazo honi erantzuna emateko, behar den moduan prebentzioa lantzeko eta indarkeria kasu desberdinen aurrean beharrezko diren baliabide guztiak eskaini eta garatzeko.

Emakumeen mugimenduari eta oro har mugimendu sozialei zuen babesa erakusteko eskatzen dizuegu, manifestu honi atxikimendua adierazita eta kanpainaren barruan burutuko ditugun ekintzetan parte hartuta. Bilboko emakumeei dei egiten diegu gure proposamen eta aldarrikapenetara bildu daitezen.

 

GORA BORROKA FEMINISTA!

 

Bilbo Feminista Eraikitzen

#BilbonEmakumeEtxea

@BilbFem

BilboFeminista Eraikitzen

 

[2015/05/19] Berdintasun politika "kaxkarrak" salatu eta "Bilbo feminista" aldarrikatu dute hainbat elkartek

[2015/05/14] Bilbo Feminismotik eraikitzen