Somedays Out eta Year Of The Yak taldeen kontzertuak Barrutirocken

uriola.eus 2015ko mai. 21a, 08:00

Aurrera jarraitzen du Barrutirock programaren seigarren edizioak. Gaur, maiatzak 21, 20:00etan, banda bi egongo dira Bilborock Aretoan, Somedays Out eta Year Of The Yak.

Somedays Out, 2013an Kike Mora produktorea zela 4 kanta zituen lehen EP kaleratu zuen pop proposamena da. Eraginak U2tik Florence and the Machineraino heltzen dira. Aldiz, Year Of The Yak rock bandako kideek esperientzia izan dute, besteak beste, Res, Unset eta Rasen taldeetan.

Biharko ikuskizuneko aarrera doakoa da eta zuzeneko musikaz gozatu eta musika-talde gazteen berri jakin nahi dutenentzat dira kontzertuak.

Barrutirocken barruan, Bilboko barruti guztietako talde eta bakarlari gazteek (15-35 urte) euren lanak erakusten dituzte zuzenean, horrela esperientzia lortuz, Bilborock bezalako aretoan jotzeko aukera izanda.

Iazko edizioan hogei bat bandak eta bakarlarik hartu zuten parte. Barrutirocken parte hartu nahi izanez gero, hona informazio gehiago: www.bilbao.net/bilborock.

Master Class-en proposamena

Barrutirockek ekainaren 5ean (ostirala), doako Master Class bi eskainiko ditu Bilborocken. Bilbao Hiria lehiaketan saritutako musikariek edo izen oneko profesionalek emango dituzte. 

Alde batetik, Kike Mora baxu-joleak (Korrontzi edo The Pushermen bandetako kidea) konborako kontzeptu erritmiko melodikoei buruzko saioa emango du, 17:00etatik 19:00etara. Saio hori baxu-jotzaile, bateria-jotzaile eta gitarra-jotzaileentzat da. Klase bakarrean azalduko ditu modu profesionalean grabazio bat, bolo bat eta abar egiteko oinarrizko kontzeptuak, baita melodiak edo soloak egiteko jarraibideak ere.  

Beste alde batetik, bateria izango da beste Master Class-aren gaia. Bilbao Hirian bateria-jotzailearentzako saria eskuratutako Bjorn Mendizabalen(Quaoar) eskutik, 19:00etatik 21:00etara.

Izena eman nahi dutenek maiatzaren 22tik ekainaren 3ra arte egin ahalko dute Bilborock-en Facebook-en horretarako egongo den orria beteta. Izena eman ahala esleituko dira plazak.