FANTek 8.891 ikus-entzulerekin itxi du bere 21. edizioa

uriola.eus 2015ko mai. 20a, 12:44

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, FANT 2015ek, 8.891 ikus-entzule batu ditu aurten; 2014an baino %20 gehiago (7.429 ikus-entzule), eta 2013ko edizioan baino %40 gehiago, (4.938 ikus-entzule). 

Zinemaldiaren aurreko egunetan preFANTen barruan eskaini ziren zortzi filmez gain programatu diren 40 proiekzio baino gehiagotik –guztira 100 zine ordu baino gehiago–, lehiaketan parte hartzen zuten nazioarteko film laburren saioan eta Hayao Miyazaki maisuaren “Porco Rosso” lanaren emanaldi berezian aretoa beteta zegoela zioen kartela jarri behar izan zen. Zinegile japoniarraren beste lan batek,“Nausicaä del valle del viento”, ere ia areto osoa bete zuen.

Halaber, 750 pertsona baino gehiago bildu zituen Aaron eta Justin Keeling anaien “The house on pine Street” lanaren Europako premierea jaso zuen Campos Antzokiko inaugurazio saioa; eta 418 ikus-entzule izan zituen Kale Nagusiko BBK aretoko amaiera ekitaldiak. Azken ekitaldi horretan, Eduardo Casanovaren 'La hora del baño' film laburra eta uztailaren 3ra arte areto komertzialetan estreinatuko ez den Gonzalo Bendalaren 'Asesinos inocentes', lehenengo film luzea aurkeztu ziren.

Ohikoa denez, lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren aukeraketa izan zen ikus-entzule gehien bildu zituenetakoa; baita Sekzio Ofizialeko 20:00etako saioak ere. Sekzio horretan ikus-entzule gehien bildu zituzten hiru filmak 'The Pool', 'Goodnight mommy' eta 'Autumn blood' izan ziren. Jende gehieneko egunak, maiatzaren 8a, FANT 21 inauguratu zen eguna, maiatzaren 9a, larunbata, eta maiatzaren 14a, osteguna, izan ziren. Egun horretan Trailer Faltsuen Lehiaketa, 'Under the skin' film luzearen emanaldi berezia eta 'Wayward pines' telesailaren primiziazko estreinaldia jaso ziren.

Beste alde batetik, 1.562 ikaslek hartu zuten parte FANTEskola programan, eta 460 ikus-entzule joan ziren joan den maiatzaren 2an PreFANT zabaldu zuen laurogeiko hamarkadako saiora. Egun horretan 'Cazafantasmas' eta 'Bitelchus' lanak eskaini ziren pantaila handian.

Azpimarratzekoa da, baita ere, edizio honetara 50 komunikabide baino gehiago akreditatu direla, batez ere Estatu osoan zine fantastikoan eta beldurrezkoan espezializatuta dauden argitalpenak, eta baita EAE-n erreferentziazkoak diren kultur medioak eta informazio orokorrekoak ere. Horrek berretsi egiten du zinemaldia generoko erreferente gisa sendotzen ari dela.