Fundatzailea argi eta garbi

uriola.eus 2015ko mai. 21a, 11:34

Bi hile iraun duten lanen ostean, Plaza Biribilean kokatuta dagoen Lopez de Haro Bilboko fundatzailearen estatua berrituta ageri da.

Zenbait atal hondatuta zituen Diego Lopez de Haro hiriko fundatzailearen brontzezko irudiak eta eusten dion oinarriak -Ereñoko marmolezkoa- zenbait orban zituen. Izan ere, Plaza Biribilean eman dituen 120 urtetan klimatologiak eta kutsadurak eragindako higadura jasan du, eta ez kalterik gabe.

42.000 euroko kostua izan dute garbiketa eta konpontze-lanek bi hilabete iraun dute. Andamioa kenduta argi eta garbi ageri da Bilboko fundatzailearen irudia egun. Obra hau Plaza Biribilean Udalak egin duen obra orokorraren baitan kokatzen da.

Ekainaren 15ean Bilbok 715 urte beteko ditu, Plaza Biribilak eta hiriko fundatzaileak itxura berritua dutela. Plazan bertan Udaleko ordezkaritza batek urtero, ekainaren 15ean, Lopez de Haroren estatuaren oinarrian egiten den lore-sorta eskaintza ekitaldian parte hartzen du.

1300. urteko ekainaren 15ean Diego Lopez de Harok emandako hiri-gutunarekin sortu zen Bilbo.