Christian McBride Trioren kontzertuak emango dio amaiera '365 Jazz Bilbao' zikloari

uriola.eus 2015ko eka. 2a, 11:50

Indar handiz abiatu zen '365 Jazz Bilbao' zikloa otsailaren 11n, Zara McFarlaneren kontzertuarekin. Zortzigarren edizio honi amaiera emango diona Christian McBride izango da. Filadelfiako baxu-jotzaileak gaur, ekainak 2, Campos Antzokian, 20:00etan hasita eskainiko du kontzertua Bilbon.

McBridek  azaltzen duenez, Bilbon trio "dibersifikatu" batez arituko da. Hirukote horretan McBride bera dugu, taldearen buru; Christian Sands piano-jotzailea eta Ulysses Owens bateria-jotzailea. Hirurak dira musikari gazte berriak jazzaren eszenatokian. Batera 3 urte daramate.

Azken urteetan, McBridek ehunka albumetan kolaboratu du eta jirak edo grabazioak egin ditu David Sanboen, Chaka Khan, Natalie Cole, George Benson, Joe Hnderseon, Betty Cartes edo Milt Jackson bezalako artistekin.

Jazzik onena Bilbora itzuliko da Bilbao 700 Fundazioaren eskutik eta kontzertu paregabeak izango dira urte osoan. Horrela, bada, atzerriko artista ospetsuek eta estatuan sendotuta dauden taldeek uriko aretoak eta hotelak beteko dituzte honezkero fidela den ikuslegoa asebetetzeko. Izan ere, kontzertu hauek aukera kultural garrantzitsua bihurtu dira.

Programak entzule-mota guztiengana heldu nahi du eta estilo desberdinak barnebildu nahi ditu: jazzeko sustrai sakonenetik hasi eta azken abangoardietaraino, beste zenbait generorekin egindako fusioak ahaztu gabe, besteak beste, horien artean musika klasikoa, rocka, blusa, hip hop edo 'munduko musikak' ditugu.

Asko dira '365 Jazz Bilbao' zikloaren bereizgarri diren artistak, taldeak, erritmoak eta estiloak. Jazzaren zaleak ugari direnez gero, ziklo honek hasiera-hasieratik bilatu izan du kalitate gorena, programazio askotarikoa eta ikusle guztientzako prezioak.