Bilbobuseko autobusak kopako finalerako apaindu dituzte

uriola.eus 2015ko mai. 26a, 11:30

Maiatzaren 31ra arte, igandea, Bilbobus zerbitzuko 24 autobus Bilbao Arteko sei artistak 'Athletic gu gara' goiburupean egindako diseinuekin ibiliko dira hirian zehar. 

Hainbat enpresek bultzatu dute proiektua, artistek diseinatutako apaingarriak daramatzaten autobusak babestuz Comunitac enpresak egindako publizitate-kanpainan. Bilbobusen 24 autobus horiek alboetan eta atzeko aldean eroango dituzte lan artistikoak datorren igandera arte. Athleticek Kopa irabaziko balu, berriz, ekimena astebete luzatuko litzateke, hau da, ekainaren 7ra arte.

Ruth Juan, Ismael Iglesias, Zaloa Ipiña, Juan Carlos Arango, Elisabeth Perez eta Kepa Peñil dira ekimen honetan parte hartu duten artistak. Toki bateko eta besteko artista hauek, bakoitzak bere estiloan, diseinu berezia sortu dituzte datozen egunetan Bilbon zehar gurpil gainean ibiltzeko.