'Gernika' filmaren grabaketak egun osoan eragozpen ugari eragingo ditu Areatza inguruan

uriola.eus 2015ko mai. 27a, 11:10

Argazkia: @karmelolanda

Koldo Serrak zuzentzen duen 'Gernika' filmeko lantaldeak filmaketa lanak egingo ditu Arriaga antzokian, Areatzako zubian eta Concordia geltokian gaur, maiatzak 27. Tranbia ohiko ordutegiarekin ibiliko da Pio Baroja eta La Casilla geltokien artean, baina ez du zerbitzurik izango Atxuri eta Nafarroa kaleko geltokien artean.

“Sua Areatzaren ondoan, militarren kontrolak eta armadaren kamioiak. Animalia baten apatx-hotsak entzun daitezke. Idiek tiratutako gurdi batek zubia zeharkatzen du, Martha eta Henry garraiatzen dituela. Bilboko hiria setiorako prestatzen ari da”. Zinemaren magiak Bizkaiko hiriburuko erdigunea itxuraldatuko du bihar, maiatzaren 27an, eta zinema-plato bihurtuko du. Agerleku berean bilduko ditu Maria Valverde, James D`Arcy, Ingrid Garcia Jonsson eta Jack Davenport. Arriaga Antzokiko plazak, Areatzako zubiak eta Concordia geltokiak protagonismo berezia izango dute Gernika filmean. Jose Albak (Pecado Films) eta Daniel Dreifuss-ek ekoizten dute filma, Gernika The Movie AIE, Travis Producciones eta Sakaya ekoiztetxeekin batera koprodukzioan arituta. Carlos Clavijo eta Nahikari Ipiña dira azken bi horietako ordezkariak. Koldo Serrak zuzentzen du 'Gernika', eta Sony Pictures Worldwide Acquisitions arduratuko da zinta mundu osoan banatzen.

'Gernika' ez da Espainiako gerra zibilaren gaineko film bat. Filmak, sei milioi euroko aurrekontua duenak, maitasun unibertsalari buruzko istorio bat kontatzen du, gerra-testuinguruan jaiotzen dena. Testuinguru horretan, elkarrekin bizi dira gerra-korrespontsalak, militar errusiarrak eta alemaniarrak, baita gudariak eta biztanleria zibila ere. Horien guztien etorkizuna 1937ko apirilaren 26an (egun ilun bat gizateriarentzat) betirako markatuta geratu zen. Egun horretan, Condor Legioak Bizkaiko herri hori bonbardatu zuen, eta 1.654 pertsona hil zituen, Euskadiko Gobernuak garai hartan jakinarazi zuenaren arabera. Ekintza zinez ankerra, nazioarteko gaitzespena jaso zuen eta, gainera, Pablo Picassok maisulan baten bidez betikotu zuen (Gernika). Artelan hori bakearen eta askatasunaren adierazgarria da mundu osoan.

Kalteak hiri-barruko garraioan eta zirkulazioan

Hirian zehar eszenak filmatzeko lanek hiri-barruko garraioari eta ibilgailuen zirkulazioari eragingo diete, baita oinezkoen zirkulazioari ere, ordutegi eta leku zehatzetan. Bilboko Udala eta filmaren produkzioko arduradunak filmaketaren ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen ahalegindu dira; hala ere, tranbiaren zerbitzuan aldaketak egongo dira, Bilbobus eta Bizkaibus autobusetako ohiko ordutegi eta ibilbide batzuk moldatu egingo dira eta ibilgailuen zirkulazioa aldizka etengo da. Udalak horien guztien berri eman du InfoBilbao udaleko albiste-buletinaren bidez.

Maiatzak 27. Areatzako zubia/Arriaga antzokia. (10:00etatik 22:00etara)

Aldaketek batez ere garraio publikoari eragingo diote, honako era hauetan:
- Tranbia: Normaltasun osoz ibiliko da Pio Baroja eta La Casilla geralekuen artean, 05:58tik 22:58ra bitartean, hamabost minutuko maiztasunarekin. La Casillako geralekutik Pio Barojara tranbia martxan ibiliko da 06:26tik 23:26ra bitartean. Egun horretan, Atxuri eta Pio Baroja artean dauden geralekuetan ez da  zerbitzurik eskainiko egun osoan.

- Bizkaibus: Bailen kaleko 1. zenbakian dagoen A3613, A3622, A3631 eta A3632 Bizkaibus lineen geralekua Hurtado de Amezaga kalera lekualdatuko da (Abando Geltokia).

- Bilbobus: Ohiko ordutegien arabera ibiliko da, gehienez jota hiru minutu iraungo duten aldizkako etenaldiekin, Areatzako zubian filmatzen denean gertatuko da hori. Arriaga antzokiaren aurrean dagoen geralekua kendu egingo da, eta Areatzara doazen lineak Udaletxeko zubitik desbideratuko dira.

- Oinezkoak: Erribera kalean, Epaltzaren Alargunaren kalean eta Bailen kalean (Concordia geltokiaren alboan) hiru minutuko aldizkako etenaldiak egingo dira.

Egun gogoangarria

Arriaga Antzokiko plazan, Areatzako zubian eta Concordia geltokian gaur egingo den grabazioa 10:00etan hasi eta 22:00ak arte luzatuko da, muntatze-, desmuntatze- eta atrezzo-lanak kontuan hartu gabe, Bilbok 1937an zuen itxura berean irudikatzeko beharrezkoak direnak. Egun hori mugarria izango da Gernikaren filmaketa-egutegian, daukan zailtasunagatik eta hiriko zirkulazioan eta tresnerian izango duen eraginagatik, baina baita, eta bereziki, nazioartera begira marka gisa hiriari ematen dion balioagatik ere. Zinema euskarri gako bihurtu da sormen-industriak zein kultura bultzatzeko, eta azken urteetan turismoa eta jarduera ekonomikoa sustatzeko tresna gisa ere sendotu egin da. Kasu honetan, Gernikak berebiziko aukera eskaintzen dio hiriari zinemaren xarma bertatik bertara ezagutzeko eta berataz gozatzeko.