Bizkaiko Zubiaren diseinatzaile Alberto de Palacio arkitektoa gogoan

uriola.eus 2015ko mai. 27a, 09:30

Gustave Eiffelen ikaslerik gailenenetakoaren bizitza eta lana aztertu ditu Josu Montalbanen Alberto de Palacio. Un soñador de la arquitectura del hierro liburuan. Izan ere, de Palacio historian sartu da Bizkaiko Zubiaren diseinatzaile moduan. Zubia Gizateriaren Ondare izendatu zuten 2006an.

Alberto de Palacio arkitektoa, Portugalete eta Areeta (Getxo) lotzen dituen Bizkaiko Zubiaren diseinatzailea, Saran (Lapurdi) jaio zen 1856ko urtarrilaren 24an. Haurtzaroa sara eta Gordexola artean eman zuen, familiak Sandamendin zuen etxean. Karlistadan Palacio Elissague Carrion de los Condesera (Palentzia) abiatu zen eta, gerra amitu berritan, bere egoera ekonomiko sendoaz baliatuta, Bartzelonara joan zen aurrena Arkitektura Eskolan goi-mailako ikasketak egitera. Ondoren, Parisera. Han, 'argiaren hiriaren' benetako ikurra den Eiffel dorrea diseinatu zuen Gustave Eiffel izen handiko ingeniari frantsesaren ikasle izan zen.

Alberto Palacio intelektual bizia eta bere asmoetan mugagabea zen; burdinazko arkitektura deritzonaren aitzindari handietako baten moduan sartu da historian. Betiereko lanak ere utzi dizkigu: Velazquezen Jauregia eta Madrileko Retiroko Kristalezko Jauregia, Atochako geltokia eta, guztien gainetik, Bizkaiko Zubia izeneko zubi esekia edo transbordadore-zubia. Zubi hori Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk 2006. Tipologia horretako munduko lehenengo zubia izan zen eta oraindik jardunean dagoen bakanetakoa.

Gauzatu gabe geratu ziren diseinuak ere laga zituen: galeria urbano itzela, Milaneko Vittorio Emanuele II Galeria ezagunaren estilokoa. Itsasadarraren ibaibidearen zati bat estaliko zuen, Arriaga Antzokiaren ingurua eta Abando aldea lotzeko.

Haren sormen emankorretik sortu ziren Bilborako saneamendua bideratzeko eta putzu artesiarrak egiteko proiektuak, airetiko lehenengo meatze-tranbia bagonetak modu automatikoan iraultzeko sistemarekin, ur-jauzien energiaren ustiapena, aire-nabigazioko proiektuak. Eguzki eta haize-energien ustiapenarekin egin zituen probak, baita marea-energiarekin ere. Alberto Palacio 1939ko maiatzaren 11n hil zen Getxon.

Irakurzaletasuna sustatzeko eta XX. mendearen hasierako bilbotarrik garrantzitsuenetako bat oroimenera ekartzeko Bilbao 700-III Millenium Fundazioak eta Muelle de Uribitarte Editores etxeak batera egin dute lan liburu honetan.