‘Hileko dokumenatala’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Sam Cullmanek eta Jennifer Grausmanek zuzendutako Art And Craft (EEBB 2014, 89 min.) filma aurkeztuko du bihar osteguna, maiatzaren 28an. Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
Dokumentalak Mark Landisen, ziurrenez Estatu Batuetako historian izan den arte faltsifikatzaile garrantzitsuenaren, lanaren pista jarraitzen du. 30 urtez herrialde osoko museoetako arduradunak engainatu zituen, mota guztietako imitazio bikainekin, XV. mendeko arte lanetatik Picassoren lanetara. Bere ekintzak misterioz beteta daude, faltsifikazioak salduz milioiak irabazteko aukera izan zuen arren, dohaintzak egiten zituelako, apaizez edo filantropo eskuzabalez mozorrotuta.
Matthew Leininger, Cincinattiko Museoko Erregistro burua, obsesionatuta dago Landisek bere lanetako batekin engainatu zuenetik: bere helburu nagusia jarraitzea eta behin betiko atxilotzea da. Katuaren eta saguaren joko gisa hasten dena, zerbait harrigarri eta askoz ere konplikatuago bilakatuko da.
Sam Cullman argazki zuzendari eta dokumentalen ekoizle eta zuzendaria da, eta 10 urte baino gehiagoko esperientzia du. Bere aurreko lanak, The House I Live In (2012), Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Sundancen, eta 2011n Dokumental Hoberenaren Oscar sarietarako izendatuta egon zen, If a Tree Falls lanarekin. MoMAko Zine Saileko Buru izandako Jennifer Grausmanek dokumental asko zuzendu eta ekoiztu ditu, eta horien artean azpimarragarria da Dokumental hoberenaren Emmy sarietarako izendapena jaso zuen Pressure Cooker. Azken lan horrek sariak lortu ditu hainbat zinemalditan, Tribecan eta Kanadako Hot Dogs izenekoan, adibidez.
ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘Hileko dokumentala’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.