Aurpegi ezagunen artean ospatu ditu Arriagak bere 125 urteak

uriola.eus 2015ko eka. 1a, 12:15

125 urte bete ditu Arriaga Antzokiak. Bart, aurpegi ezagun askoren artean izan zen ospakizun handia. Ainhoa Arteta sopranoak, Joaquin Achucarrok, Rossini koroak edota Olaeta Ballet Elkarteak parte hartu zuten antzokiko eserleku guztiak bete zituen ekitaldian.

125 urte bete dira 1890eko maiatzaren 31an, Ponchielliren La Gioconda operarekin Arriaga aurkeztu zutenetik. Geroztik era askotako ikuskizunak eskaini dira bertan, dantzak, operak, zartzuelak, antzerkiak edota kantua besteak beste. Atzoko omenaldiak ere ikuskizun horietako asko bildu zituen. Duela 125 urte bezala, La Giocondaren Cielo e mar aria entzun zen eta Ainhoa Artetaren ahotsaz, Joaquin Achucarro pianoan entzuteaz, Olaeta Ballet Elkartearen dantzetaz, Kepa Junkeraren trikitiaz, La Otxoaz edota Ramon Bareak egindako errezitaldiaz, gozatzeko aukera izan zuten, besteak beste, bertara gerturatutako lagunek.

Emilio Sagi, Arriagako zuzendari artistikoak, gidatu zuen urteurren omenaldia eta Gurutze Beitia, Enriqueta Vega, Iñaki Maruri eta Mitxel Santamaria arduratu ziren aurkezpen lanetaz. Era berean, antzokian euren lanak aurkeztu diuzten beste hainbat aurpegi ezagunen zorion agurrak eskaini zituzten ere, bideo bidez grabatutakoak, haien artean, Concha Velasco, Blanca Portillo, Josep Carreras, Placido Domingo edota Maria Bayorena.

Bukaeran, tarta handi bat igo zuten oholtzara eta ikusle guztien laguntzarekin Zorionak abestia eskaini zioten hainbat urtez bilbotarren kulturaren ikur izan den antzokiari. 

 

[2015/05/28] 125 urteko antzokiari begira Joseba Inchaurraga

[2015/05/28] 125 urteko antzokiari begira Jon Rozadilla

[2015/05/27] 125 urteko antzokiari begira Natxo Montero

[2015/05/25] 125 urteko antzokiari begira Arkaitz Estiballes

[2015/05/25] 125 urteko antzokiari begira Mikel Martinez

[2015/04/22] Arriaga Antzokiak bere 125. urteurrena ospatuko dau maiatzaren 31n