Errekaldeko plaza Zirkualde bilakatuko da seigarrenez

uriola.eus 2015ko eka. 5a, 09:30

Argazkia: Zen del Sur

Zirkuko diziplina antzerkiarekin, umorearekin, clownaren jolasarekin edota dantza akrobatikoarekin fusionatzen duten zazpi konpainiaren ikuskizunak ikusi ahalko dira gaurtik iganera arte Errekaldeko plazan.

Errekalde auzoak Zirkualde Zirku Jaialdiaren seigarren edizioa jasoko du asteburu honetan. Jaialdiak, zirkuko arteetan espezializatutako zazpi konpainiaren ikuskizunak eramango ditu auzoko plazara: hiru Euskal Herrikoak izango dira, bi Kataluniakoak, bat Andaluziakoa eta beste bat Frantziatik etorritakoa. Ekimenaren helburua, udan gure hiriko kaleak animatzea eta hiritarrei kaleko zenbait arte eszeniko mota hurbiltzea da, oraingo honetan, zirkuko arteetan oinarritutako programaren bitartez.

Programazioaren barruan, mota askotako ikuskizunak jasotzen dira, ikus-entzule guztientzat, zirku tradizionalaren hoberena, akrobaziak, malabareak edo orekak, kaleko antzerkiarekin, zuzeneko musikarekin, clown lanarekin, umorearekin, dantza akrobatikoarekin edo aireko jolasekin uztartzen dituzten zazpi konpainiaren eskutik.

Programa, Dikothomia euskal konpainiaren 'Spazi…O' ikuskizunarekin hasiko da gaur, ostirala, arratsaldeko 19:00etan. Zirku garaikide ikuskizuna da, eta pertsonaiek euren bizipenak erakusten dituzte, binaka egindako mugimenduen, orekaren, objektuen manipulazioaren eta aireko tekniken bitartez. Inaugurazio jardunaldiak Zen del Sur andaluziarren 'Heian' ikuskizuna ere jasoko du, 20:00etan. Ikuskizun horrek, zuzeneko musika, dantza akrobatikoa eta zirkua fusionatzen ditu, ikus-entzuleari indarrez eta sentsibilitatez kargatutako proposamena eskaintzeko.

Hurrengo egunean, larunbatean, leku berean, Errekaldeko Plazan, programazioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da, bata bestearen ostean eskainiko diren hiru ikuskizunekin, Cia Sainete, Compagnie Yi Fan (19:00) eta La Corcoles (20:00) taldeen eskutik. Oso proposamen eszeniko desberdinak eskainiko dituzte, bainuontzi baten inguruko clown jolasa, sokaren gainean egindako orekak, edo La Corcoles talde katalanak eskainiko duen 'Gris', dantza-antzerki, keinu eta ikus-poesia ikuskizuna, dantza-antzerkitik landuta dagoen eta ikus-entzule guztientzat egokia den funanbulismo bakarrizketa. 

Zirkualderen aurtengo edizioa igandean amaituko da, beste bi talderekin. Ikus-entzuleek ondo ezagutzen duten Malas Compañias talde bilbotarrak, protagonista txatarra izango duen ikuskizun berria eskainiko du (18:00), izan ere, metalezko ontziak gora eta behera dabiltzan mundua irudikatzen du, guztia ere akrobaziarekin, umorearekin eta kaleko antzerkiarekin uztartuta.

Zirkualderen edizio honi Kataluniako Companya Jordi Bertran izenekoak emango dio amaiera, 'Strada' ikuskizunarekin (19:00). Txotxongiloak eta pailazoak dituen zirku emanaldia da, eta bertan Chaplin, Fellini… bezalako maisu handien funtsa jasotzen da. Zirkuaren arriskua eta poetika, txotxongiloen samurtasuna eta pailazoaren askatasun izaera espazio eszeniko berean elkartzen diren oinordetza artistikoa eta gizatiarra.