Auzotarrok: "Gutxieneko azpiegitura bermatzeko eta gure lana aitortzeko eskatzen diogu Udalari"

uriola.eus 2015ko eka. 3a, 13:16

Bilboko Jai Batzordeen Koordinakundeak logotipo eta web gune berria aurkeztu ditu auzoetako jaien alde egiten duen lana ezagutzera emateko. "Ezin zaigulako ahaztu Bilbo ez dela soilik Abando, Indautxu eta Uribitarte, Bilbo 22 auzo baino gehiagok osatzen dugula, eta guztiak hartu behar gaituztela kontuan".

Bilboko Udalak diru-laguntzak handitu baditu ere –790 eurotik 1.500 eurora auzo bakoitzeko–, laguntza horiek "eskasak dira" gaur Auzotarrok koordinakundeko bozeramaleek adierazi dutenez. Batik bat, 40.000 eurotik gorako aurrekontua dutelako batzorde gehienek. Izan ere, komun publikoen edota eszenatokiaren alokairua ordaintzeko ere "ez da nahikoa" Udalaren laguntza. Horregatik, eskatzen dio Auzotarrok Udalari "auzokide bakoitzeko euro bana bidera dezala jaien antolaketara".

Diruaz gain, Udalak auzoetako jaiak babesteko bestelako laguntzak eman ditzakeela uste du Auzotarrok, esaterako, azpiegitura ahalbidetuz: "Beharrezkoa den gutxieneko azpiegiturak auzo guztietan bermatuz". Hau da, eszenatoki bat, komunak eta hesiak utziz. Bilbo osorako "oso neurri eraginkorra" litzatekeela deritzo Auzotarrok, eta bide batez jai batzordeei "aurrezteko" aukera emango liekeela.

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeak baino lehen Areso alkateak zuzendu duen udal gobernuarekin "pausoak" eman direla aitortu dute Auzotarrok koordinakundeko eledunek. Epe laburrean osa daitekeen udal gobernu berriarekin batzartzea espero dute eta "akordio batera heltzea".

Udal berri horretako ordezkariei jai batzordeen lana aitortzeko eskatuko diete Auzotarrokeko kideek. Lagun askok musu-truk egiten duten lana aitortzeko, alegia. "Gure jaiak herritik eta herriarentzat eginak direlako, auzo-mugimenduaren parte direlako, gure auzoen izaera indartzen dutelako eta kultura suspertzen dutelako".

Urrira bitartean, Bilboko auzo gehienetako jaiak izango dira. Asteburu honetan, adibidez, Altamiran eta Otxarkoagan. Auzoetako jaien inguruan edozein informazio eskura dago Auzotarroken web gune berrituan.

 

www.auzotarrok.net