Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak, Nora Sarasolak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusiak, Gabino Martinez de Arenazak, Pintxo Txapelketa 2015 lehiaketaren XVII. edizioaren xehetasunak aurkeztu dituzte gaur, Bilboko Udaletxeko Prentsa Aretoan. Lehiaketaren lehenengo fasea bihar hasiko da, osteguna, ekainak 4, eta datorren igandera arte jokatuko da, hilak 7. Sariketa honi esker, sukaldaritza onenaren pintxo zaporetsuenak neurri txikian eta prezio bakarrean (1,50 euro) dastatzeko aukera izango dute Bilbo eta Bizkaiko herritarrek.
Parte hartzaileak
Guztira, Pintxo Txapelketa 2015 lehiaketaren XVII. edizioan 59 ostalaritza establezimenduk eman dute izena; horietatik 45 Bilbon daude kokatuta, eta gainerakoak (14) Erandio, Amorebieta, Barakaldo, Basauri, Durango, Ermua, Galdakao, Getxo, Mungia eta Plentzia udalerrietan. Parte hartzaile horietako batzuk bi pintxorekin lehiatuko dira, pintxo bakarra aurkeztu beharrean; horrenbestez, edizio honetan 103 pintxok hartuko dute parte.
Sariketa honen dastatze fasea bihar hasiko da, osteguna, ekainak 4, eta igandera arte jokatuko da, hilak 7. Ordutegia 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 20:30era izango da. Ordutegi bera erabiliko da lehiaketaren bigarren fasean ere, ekainaren 11tik 14ra jokatuko den fasean, hain zuzen ere.
Edizio honetan lehiaketaren babesle ofiziala Cerveza San Miguel izango da.
'Urrezko Zotza' sariak
Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hiru sari emango dituzte, hain zuzen ere Urrezko Zotza, Zilarrezko Zotza eta Brontzezko Zotza izenekoak. Bi kategorietan emango dituzte sariak, pintxo librearen kategorian eta osagai berezi batekin prestatutako pintxoen kategorian; aurten osagai berezia antxoa izango da. Honako hauek izango dira hautapen irizpideak: osagaien kalitatea, prestaketa eta aurkezpena. Hamazazpigarren edizio honetan Pintxoen Establezimendurik Onenari emandako saria ere banatuko da; Urrezko Zotza, Zilarrezko Zotza eta Brontzezko Zotza mailetan emango da.
Lehiaketaren erakunde sustatzaileek epaimahai tekniko profesionala izendatuko dute, dastatze egunetan modu anonimoan eta aurre abisurik gabe lanean arituko dena. Epaimahaiak bi kategorietako zazpi pintxo onenak aukeratuko ditu, baita establezimendu finalistak ere. Hautatutako pintxoek amaierako ekitaldian parte hartuko dute, 2015eko ekainaren 25ean, Artxandako Ostalaritzako Goi Eskolan, eta, bertan, establezimenduek in situ prestatu beharko dituzte finalera heldu diren pintxoak. Ekitaldi horretan, ospe handiko epaimahai aditua egongo da eta sari guztiak banatzeaz arduratuko da.
Azkenik, Publikoaren Sari Berezia ere emango da, herritarrek aukeratutakoa; izan ere, herritarrek pintxorik gogokoenaren alde bozkatu ahalko dute lehiatuko diren establezimenduetan bertan. Parte hartu dutenen artean bi pertsonentzako asteburua zozkatuko da, saridunak aukeratzen duen Bizkaiko landetxean. Informazio gehiago jasotzeko eta taberna eta jatetxe parte hartzaileen kokapena jakiteko, kontsulta ezazu www.depintxos.net webgunea.