Barikuan, ekainak 5, 19:00etan hasiko da jardueren programa. Kastaños Kantari Funikularreko Plazan izango da. Plaza hori izango da jaien erdigunea. Txaranga, kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, umeentzako animazioa, tailerrak, gaueko dantzaldiak eta beste jarduera asko izango dira XI. Euskal Jaian. Jaian domekan, ekainak 7, amaituko da familientzat Urtzak eskainiko duen dantzaldiarekin.
Gainera, zapatuan, ekainak 6, 20:00etan hasi eta domekako 04:00ak arte; Caosticak antolatuta, Caostica 13 Film Laburren eta Bideoklipen Nazioarteko Jaialdiaren amaierako jaia izango da: Artxandageddon Voodoo Party. Lehiaketako proiekzioak, performance, sari-banaketa, instalazio artistikoak, mozorroak, DJen emanaldiak eta bideo-jockey egongo da, Artxandako irristaketa-pistan, funikularraren ondoan.
Halaber, 21:00etatik 23:00etara, zapatuan, kontzertu akustiko bat izango da Artxandako Txakoli jatetxearen terrazan.
Zapatu gauean Artxandako Funikularra doako zerbitzua emango du 20:00etatik domekako 04:00ak arte, Artxandakojaira joan gura dutenentzat.
Mendea bete duen garraiobidea
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, bilbotar asko joaten ziren Artxandara aisialdia bertan ematera eta ondo pasatzera. Txakolindegi batzuk egon ziren Artxandan garai hartan.
1901etik 1912ra bitartean kremailera-tren baten proiektua baloratu zuten, uriaren erdialdea eta Artxanda mendia lotzeko. Azkenean ez zuten proiektu hori burutu, baina 1913an Artxandako Funikularra sozietatea sortu zuten.
Suitzako enpresa batean diseinatu zituzten funikularreko makinak, enpresa hori era honetako trenetan espezializatuta baitzegoen. Inbertsioa 488.407, 30 pezetakoa izan zen.
Eta horrela, 1915eko urriaren 7an, Bilboko alkatea, Benito Marco Gardoqui jaunak lehen bidaia egin zuen Artxandako Funikularrean. Etenaldi puntualak egon dira; esate baterako, Gerra Zibilean edo 1983ko uholdeen ondorioz, baina bilbotarren oroimen eta ohituren erakusgarria izanik funtzionatzen jarraitu du gaur arte.