Arriagak ekoizpen propioaren aldeko apustua indartuko du datorren denboraldirako

uriola.eus 2015ko eka. 4a, 11:30

Arriaga Antzokiak arte eszeniko guztien aldeko apustu argiarekin jarraitzen du, ikus-entzule guztiei zuzendutako programazio irekia, zabala eta oso anitza bultzatuz 2015/2016 denboraldian. 

Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzi eta Arriaga Antzokiko Presidenteak eta Emilio Sagi Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoak 2015-2016 denboraldirako programazioa aurkeztu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Denboraldia datorren abuztuan hasi eta 2016ko ekainera arte luzatuko da. Bizi dugun garaiak eskatzen duen soiltasunean eta irudimenean oinarrituta diseinatu den programazio berriak hiru zutabe nagusi ditu: aniztasuna, sorkuntza eta dibertsioa.

Ekoizpen propioak

Arriaga Antzokiak urteak daramatza kalitatezko ikuskizunak ekoizteko duen gaitasuna erakusten. Horietako asko Estatuko eta mundu osoko beste antzoki batzuetara eraman dira, Arriaga antzokian estreinatu ondoren. Hor daude, besteak beste, Austria eta Errusia bisitatu dituen El Juez (Los niños perdidos) opera edo orain denbora gutxi egindako La Viuda Alegre musikala, duela hilabete baino gutxiago Arriaga antzokian estreinatua eta dagoeneko Madrilen eta Iruñean aritzeko datak jarrita dituena.

Arriaga Antzokiak eutsi egiten dio ekoizpen propioaren aldeko apustuari datorren denboraldiari begira, are gehiago, indartu egiten du. Arriaga Antzokiak 2015-2016 denboraldian ekoiztu eta eszenatokira eroango duen proiektu propio nagusia El sueño de una noche de verano/Uda gau bateko ametsa, William Shakespeareren klasiko handia, izango da. Honetaz gain, La corte del faraon zartzuela, Amour familia osoari zuzendutako antzerki ikuskizuna; eta Aureo dantza garaikide muntaketa ere eskainiko ditu.

Artista handiak

Arte eszeniko guztiek lekua izango duten eskaintza erakargarria osatzeko asmoaren barruan, Arriaga Antzokiak antzerki, lirika, musika eta dantza emanaldi bikainak programatu ditu, profesional handiek interpretatuak. Horien artean, dagoeneko euren lekua finkatuta duten ibilbide luzeko izarrak eta gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari diren artistak aurkituko ditugu: Veronica Forque, Gonzalo de Castro, Tristan Ulloa, Ana Belen, Aitana Sanchez Gijon, Carmen Machi, Patxo Telleria, Jose Maria Pou, Ramon Barea, Itziar Lazkano, Felipe Loza, Gorka Otxoa, Fele Martinez edota Melania Olivares Bajo, beste askoren artean.

Antzerkia euskaraz

Uda gau bateko ametsa lanaz gain, Arriaga Antzokiak euskaraz egindako antzerki bikain gehiago ere eskainiko du datorren denboraldian. Urriaren 29tik 31ra Kreditua lana helduko da gure eszenatokira, Fernando Bernuesek zuzenduta eta Joseba Apaolazarekin eta Zuhaitz Gurrutxagarekin, Jordi Galceranen El credito lanaren moldaketa taula gainean defendatzeko, 2013an Arriagan estreinatu zena, protagonistak Carlos Hipolito eta Luis Merlo izan zirelarik.

Azaroaren 18an, Ander Lipusek, Jon Gerediaga idazlearen testuan oinarrituta zuzendu duen Etxekoak lana ikusi ahal izango dugu. Gizarteak ezartzen dituen mugen eta legeen aurrean bere kritika erakusten duen antzezlana da.

Urtarrilaren 20an, Txalo Producciones taldeak Heroiak eskainiko digu Arriaga Antzokian. Lau Moliere sari jasotzeko izendapena jaso zuen Gerald Sybleyras antzerkigile frantsesaren Le vent des peupliers (Haizea makaletan) lanaren gainean Ramon Agirrek egindako euskarazko moldaketa da. Tom Stoppardek egindako lan horren ingeleseko moldaketak komedia hoberenaren Laurence Olivier Saria lortu zuen 2006an. Begoña Bilbao Lejarzegik zuzenduta, Ramon Soroiz, Zorion Egileor eta Ramon Agirre euskal antzezle bikainek interpretatuko dituzte hiru “Heroi” horiek.

Horrez gain, 2016ko martxoaren 3an, Mikel Martinezek eta Eneko Sagardoyk, Patxo Telleriak eta Mikel Oregik zuzendutako Zergatik, Jamil? lana eskainiko dute. Lan horren gaztelaniazko bertsioa, ¿Por que, Jamil?, martxoaren 4an eta 5ean eskainiko da. Azpimarratu behar da gaztelaniazko bertsioaren erabateko estreinaldia Arriaga Antzokian izango dela.

Amets egiteko musika

2015-2016 denboraldiko musika eskaintza ere oso aberatsa eta anitza da. Antzerkiaz eta musikaz egiten duen fusioa dela eta, Monsieur de Pourceaugnac oso ikuskizun interesgarria izango da; kontzertuen atalean Miguel Poveda, gaur egungo kantautore flamenko garrantzitsuenetakoa, egongo da Arriagan; baita, Milladoiro, 30 urte baino gehiagoko ibilbidea duen musika zeltiarreko taldea.

Bestalde, azken 50 urteetako kantautore handienetakoa igoko da Arriaga Antzokiaren eszenatokira, poeten ahotsa, beti ere bere konpromisoa agertu duen Paco Ibañez; Vivencias, bere azken lana aurkezteko. Kantatutako hitzaren beste artista bat ikusteko aukera ere egongo da, Luis Eduardo Aute.

Gainera, azaroaren 22an oso bira berezia helduko da Arriagara, Oskorri taldearen agurreko bira; aldiz, urtarrilean, Ken Zazpik itzulerako kontzertua emango du. Deloreanek otsailean, Mikel Laboari eskainitako emanaldia emango du eta Anne Etchegoyen Aizkoa Abesbatzarekin batera egongo da apirilean. Antzokiak Buikaren ahots pribilegiatua eta jazza, flamenkoa, soinu etnikoak, popa eta soula nahasten dituen emanaldia ikusteko aukera zabaldu die herritarrei; baita, Arriaga eta BOSen arteko lankidetzari esker, Santiago Auseronen musikaz gozatzeko aukera ere.

Nazioarte mailako dantza

Dantza programazio zabala ere prestatu du antzokiak Olaeta Ballet Elkartearekin, Kukai Dantza taldearekin, Balé da Ciudade Sâo Paulorekin, Akram Khan Company-rekin, San Petersburgoko Eifman Balletarekin, Maria Pages bailaora eta koreografo sevillarrarekin edota Compañía Nacional de Danzarekin.

Opera apurtzailea

Powder her face operak zeresan asko emango du maiatzaren 6an eta 8an Arriaga antzokian eskaintzen denean; Andeka Gorrotxategik, Carmen Solisek eta Ruben Fdez. Aguirrek  errezitaldiak egingo dituzte eta Gala Lirikoa ere egongo da.

Gustu guztietako musikalak

Sister Act izango da Arriaga Antzokiaren datorren denboraldiari hasiera emango dion ikuskizuna, Londonen eta Broadwayen arrakasta handia lortu ondoren Bartzelonan ere oihartzun itzela izan du eta mundu osoko 4 milioi pertsona zutik jartzea lortu du, Motown estiloaren ondorengo den eta funkean, gospel zerutiarrean edo blues ukituetan inspiratuta dagoen soularekin. Mireia Mambo antzezle eta abeslaria da Deloris, Sister Act lanaren protagonista. Lan hori egiten hasi zenetik kritikaren eta ikus-entzuleen txaloak jaso ditu. Abuztuaren 20tik irailaren 13ra egongo da karteldegian.

Invoc4tium proiektua ere musikala da, Jaso Ikastolako ikasleek musika-antzerkiaren bitartez euskara sustatzeko egiten duten ikuskizuna. Gainera, La Celia, memoria sentimental de Celia Gamez, abeslari, antzezle eta vedette argentinarra gogoratzen duen kabaret ikuskizuna ere izango dugu.

Arriagako gelatxoak

Datorren denboraldia ekintzaz beteta agertzen zaigu Arriagako Gelatxoen eszenatokiko bertsioaren programazioa begiratzen badugu. Arriagako Gelatxoak ekimena Emilio Sagik bultzatu zuen 2008-2009 denboraldian, ikus-entzuleei beste mota bateko ikuskizunak erakusteko, formatu txikiagoan, intimistagoak eta gertuagokoak, ikus-entzuleak eta interpreteak ia espazio bera konpartitzen duten ikuskizunak.

Datorren denboraldirako, Arriaga Antzokiak hainbat proposamen egiten ditu, besteak beste, Erik Lealen testu batean oinarrituz Daniel Biancok zuzenduko duen Reencuentro antzezlana, Gurutze Beitia eta Itziar Lazkano protagonista izango dituena. Beste protagonista batzuk hauek izango dira: Rossini abesbatza, ¡Zarzuela on air! lanarekin; Bernardo Atxagaren Declaración de Guillermo; Fer Montoyaren Hermanas; bere izaeraren berri eman behar duen seropositibo bati buruzko Jon Koldo Vazquezen Ser positivo es lo +; Vocalia Taldea Andra abesbatza gelatxoarekin, Basilio Astulezen zuzendaritzapean; Mikel del Valleren Un vasco en Sevilla; Quedate mis tetas y devuelveme mi dignidad, Miren de Miguelekin; Unai Izquierdoren Naufragos; edo Patxo Telleriaren Alde zaharreko amoranteak, besteak beste.

Horrez gain, foyerrak Arriagako Gelatxo asko eta interesgarriak jasotzen jarraituko du, Jose Luis Padron eta Gari, Oskarbi, Teresina Jorda, Miren Urbieta, Ruben Fdez. Aguirre edo Aire ahizpak, eta beste egile askorekin.

Egitasmo pedagogikoak

Arriaga Antzokiak parte hartze nabarmena du izaera didaktikoa eta pedagogikoa duten eta prestakuntzaren aldeko apustua egiten duten hiru egitasmoren garapenean. Josu Bilbao casting zuzendari eta antzezle ezagunak (duela denbora gutxi La Gaviota Arriaga Antzokiaren ekoizpenean hartu zuen parte), antzezlearen barne proiekziora eta kanpo presentziara zuzendutako Presencia escenica tailerra eskainiko du azaroaren 16tik 20ra. Jaume Maragall katalanak, XX. mendeko bigarren erdialdeko tenore azpimarragarrienetako batek, oso master class interesgarria emango du, eta bertan, lirikaren munduan duen ospea eman dioten sentsibilitatea eta ezagutzak eskainiko ditu. Klaseak urriaren 19tik 24ra bitartean izango dira.

Amaitzeko, Arriaga Antzokiak, 2013an arrakasta handia lortu zuen Mama crea proiektua berreskuratuko du. Sorkuntza eta arte prozesuan hainbat belaunaldi elkartzeko aukera ematen duen tailerra da. Horrela, adibidez, umeek euren amarekin edo aitarekin, osaba edo izekorekin eta amama edo aititerekin har dezakete parte prozesuan. Eta, jakina, bakarrik ere parte hartu dezakete. Proiektua 0 eta 103 urte arteko pertsonentzat zabalik dago.