Agenda 21ean parte hartu duten ikastetxeek proposamenak aurkeztuko dizkiote Udalari

uriola.eus 2015ko eka. 4a, 10:00

Ingurumenaren Munduko Eguna bihar, ekainaren 5ean, ospatuko da eta, hori oinarri hartuta, Bilboko Udalak gaurko antolatu du Eskola Agenda 21eko osoko bilkura. 6 eta 18 urte bitarteko 100 ikasle baino gehiago izango dira gaur Bilboko Udalaren Osoko Bilkuren Aretoan, ingurumenaren arloko Eskola Agenda 21 hezkuntza-programan parte hartze duten 27.000 ikasle baino gehiagoren izenean eta irakasleekin batera. Bertan erakutsiko diete udal ordezkariei ikasturtean egindako lana eta ingurumenaren arloan udalerria hobetzeko dauzkaten proposamenen berri emango diete.

Ikasturte honetako gaiak biodibertsitatea eta geodibertsitatea dira eta, ikuspuntu horretatik, ikasleek beren auzoa aztertu dute, diagnostiko bat egin dute eta, parte hartzen duten ikastetxeek bateratze-lana egin ondoren, proposamenen zerrenda bat aurkeztu dute, Bilboko biodibertsitatearen hobekuntzan Udalarekin batera lan egiteko.

Ikasleek beren lanaren ondorioak aurkeztu dituzte eta hauek dira ondorio nagusiak:

1. Bilbok berdegune zainduak dauzka, bertoko ekosistemak, zuhaitz desberdinak eta fauna dauzka. Atsedenerako, aisialdirako eta naturaz gozatzeko lekuak dira uriaren barruan. Horren adibide dira Sarriko, Etxebarria, Europa, Larreagaburu, Ibaieder, Solokoetxe, Casilda Iturrizar, Ametzola, Eskurtze parkeak eta horien inguruak.

2. Gainera, urian aberastasun geologikoa dago eta hori eraikin batzuetan ikusten da, adibidez Ibaiondoko eraikin zahar batzuetan edo Sarriko parkeko horman, Artxanda mendiko harriekin egin baitzen. Fosilak ere ikusi ditugu Europa parkeko haitzetan.

Lan horren ondorioak proposamen parte-hartzaile batzuetan adierazi dira. Horiek aztertu ondoren, Udalak hauek sartuko ditu Auzoko Bihotza proiektuan, eta Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten ikasleen laguntzarekin gauzatuko dira datorren ikasturtean.

Hauek dira Udalaren konpromisoak aurkeztutako ideien aurrean:

1. Urmael bat naturalizatuko da Bilboko parke batean, anfibioak bertan bizi ahal izateko.

2. Txorientzako habiak banatuko dira horrela eskatzen duten ikastetxeetan, eskolako ingurutik hurbil dauden zuhaitzetan jartzeko.

3. Gauza bera egingo da txorientzako janontziekin, txoriek neguan janaria aurki dezaten.

4. Sakelako telefonoetarako aplikazio bat egingo da Bilboko zuhaitzak identifikatzeko.

5. Zuhaitzak emango dira zuhaitzaren egunerako.

6. Gainera, landareen polinizazioan laguntzeko eta izurriteei modu naturalean aurre egiteko, Udalak intsektuen hotel bat instalatuko du.

Garapen Jasangarrirako Hezkuntzari buruzko Unescoren Munduko Biltzarra azaroaren egin zen Japonian eta adierazi zuen Euskal Herriko Eskolako Agenda 21 (eta horretan barruan Bilboko Eskolako Agenda 21) azken hamarkadako 25 ekimen onenetako bat dela arlo horretan.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren babesa dauka.