19. Korrika historikoa eta arrakastatsua pasa ondoren, Korrikaren mezua hedatzen jarraitu nahi dugu; hori dela eta, "euskahaldun" kontzeptuaren barruan dagoen ideia bat azpimarratuko dugu larunbatetik aurrera gauzatzen hasiko garen ekimenarekin: euskara jakin ez, ahaldundu, eta euskara ikastea lortu zuen jendean oinarrituko gara, hain zuzen ere. Horiek ikustarazteko asmoz hitzordu desberdinen bidez talde-argazkiak egingo ditugu. Gure asmoa da herritar horien erabakia eta ibilbidea nabarmentzea oraindik bide hori egin ez dutenen euskaltzale erdaldunen aurrean. Euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko gai direnek rol garrantzitsua jokatzen dute, eta haien ahalduntzea, haien "euskahalduntzea", eredu paregabea da beste herritar askorentzat.
Gauzak horrela, ekainaren 6an, larunbata, AEK-k hitzordua izango du hegoaldeko lau hiriburuetan (Baionan beste era batean bideratuko da):
- Bilbon, Arriaga parean, 11:30ean.
- Donostian, kaian -Portaletak-, 11:30ean.
- Iruñean, Alde Zaharrean -Zaldi Zurian, 11:30ean.
- Gasteizen, Galizia kalean (Aranako jai-gunean), 12:30ean.