Erabakitzeko eskubidearen korrontea San Mamesera bidean

uriola.eus 2015ko eka. 5a, 09:55

Ekainaren 21ean Gure Esku Dagok "jauzi bat" eman nahi du, "ehuntzen ari den borondateari uko egin beharrik gabe, norberarena ondokoarekin elkartu eta bidea egiteko". Bide horretan, ekaineko asteburuak ekintzaz beteak izango dira. Besteak beste, gaur giza katea osatuko dute Indautxun eta igandean 'Ehuntze eguna' ospatuko dute Deustun.

Gure Esku Dago ekimenaren inguruko informazioa jaso, atxikimendua eman, nork bere borondatea ehundu, kamiseta erosi eta ekainaren 21eko "egun historikorako" San Mameseko sarrerak eskuratzeko egunak dira hauek. 

Gaur, esaterako, duela urtebete egin bezala, Indautxu-Abandoko Gure Esku Dago lantaldeak antolaturik erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea osatuko dute. "Arratsaldeko 20:30ean Indautxu eta Eliptika plazak lotuko ditugu guztion artean".

 

'Ehuntze eguna' Deustun igandean

Igandean, ekainak 7, 'Ehuntze eguna' antolatu dute Deustun. 12:00etan da hitzordua Sancho Azpeitia plazan (La Zona) eta bertan, ehuntzeaz gain, musika, kalejira, pintxoak, poteak eta Gure Eskuren materiala egongo da salgai.

 

San Mames, erabakitzeko eskubidearen 'katedrala'

Bizkaitarrek Bilbon izango dute hitzordua ekainaren 21ean. Hain zuzen ere, San Mames futbol zelaian. "San Mames erabakitzeko eskubiaren katedrala izatea nahi dugu". 17:30ean hasiko da eguneko ekitaldi nagusi, baina aurretik eta ondoren hamaika aukera izango da, "egun osoko egitaraua" prestatu baitute.

Ekainaren 21eko "gastu guztiei" aurre egiteko San Mameseko ekitaldirako sarrera ordaindu beharko dute herritarrek. Aurretiaz sarrera eskuratzea "garrantzitsua" dela azpimarratu dute Gure Esku Dago lantaldeko Zelai Nikolasek eta Andoni Aizpuruk. Sarrerak zenbakituak izango direla eta, taldean joatekoak direnei sarrerak "elkarrekin hartzeko" aholkatu diete.

Interneten eskura daitezke (gureeskudago.eus) edota hiriburuetan GEDk dituen lokaletan (Bilbon, Buenos Aires kaleko 13. zenbakian). Bi urtetik beherako umeek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, baina sarrera eskuratu beharko dute. Umeen aulkitxoak ezingo dira zelai barrura sartu, baina gune berezia prest izango dute bertan uzteko. 3 eta 14 urte bitartekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta 15 urtetik gorakoek 10 euro.

Eta, azken gomendioa, "koral koloreko kamiseta jantzita etortzeko".

gureeskudago.eus

[2015/06/02] Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea Indautxun

[2015/05/29] Gure Esku Dago: "Erabakia nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz"

[2015/04/22] Gure Esku Dago dinamika herritarrak badu erreferentziarako lokala Bilbon

[2015/04/20] Gure Esku Dago: Bizkaiko lokalaren inaugurazioa Bilboko Buenos Aires kalean

[2015/04/14] Erabakitzeko borondatez jositako oihala San Mames zelaia estaltzeko

[2015/03/24] Erabakitzeko eskubidearen alde urrats berri bat

[2015/02/26] IBAIZABAL: Gure Esku Dago-ren proposamen berriak

[2014/12/17] 'Jostunak' dokumentala estreinatu du Gure Esku Dago ekimenak