Goienak jasandako erasoaren aurrean

uriola.eus 2015ko eka. 5a, 13:19

Atzo goizean pintadaz josita agertu zen Goiena Debagoieneko toki komunikabidearen egoitza. Pintadek 'EAJren morroi' izatea leporatzen diote komunikabideari, eta Goienaren aldeko erantzun eta babes olde zabala eragin dute, eskualdean zein eskualdetik kanpo.

URIOLAk ere bat egin nahi du Goienaren aldeko olde horrekin. Eraso bidegabea salatu eta arbuiatzeaz bat, URIOLAk bere elkartasun eta babes osoa eskaini nahi die Goienako zuzendaritza, lan-talde, kolaboratzaile eta komunitate osoari, eta bat egin nahi du Goiena, URIOLA eta beste 60 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOMen adierazpenarekin:

"Lan zaila da tokiko informazioa lantzea, ezinbestean gertutasunetik egin beharrekoa, horrek dakarren presio eta erantzukizun erraldoiarekin. Meritu handia du toki komunikabideek alor horretan egiten duten lana, urteetan egin duten ibilbidea eta lortu duten onarpena, datuek argi asko erakusten dutena.

Toki komunikabideak euskal komunitateak sortu ditu, euskal komunitatea bera elikatzeko. Tokiko informazioa euskaratik eta euskaraz lantzea dute xede bakarra. Haien kontra egiten duenak, xede horren kontra egiten du, ez besterik".