Euskaraz idatzitako testuei dagokienez, liburuak saritutako ipuin biak jasotzen ditu, 2012an sari nagusia irabazi zuen Arrate Egaña Gimenezen (Errenteria, 1963) Marquez, eta 2014ko edizioa irabazi zuen Ekaitz Goienetxearen (Biarritz, 1982) Olatuak hausten diren lekua. Hiru akzesitak, 2012an aukeratutako Uxue Alberdiren All right eta azken edizioan saritutako Ekaitz Goienetxearen Zorionak eta Laida Martinez bilbotarraren Zapata berriak dira.
Gaztelaniaz idatzitako ipuinak, 2012an sari nagusia irabazi zuen Alberto Bellidoren (Madril, 1976) Turistas, eta iazko edizioan saria lortu zuen Leonen bizi den Francisco Javier Perez Fernandez (Zamora, 1970) idazle zamorarraren Que no se entere Freud izango dira. Horrez gain, liburuak edizio bakoitzeko akzesitak ere jasotzen ditu, 2012an aukeratutako Antonio Torrejonen Síndrome vacacional, eta 2014an aukeratutako biak, Nicolas Matteraren Postales eta Matias Candeira de Andresen Ramas Negras.
Liburu biak salgai daude jada, eta baita maileguan hartzeko moduan Bilboko Udal Liburutegi Sarean. Irakurleen aurreko aurkezpen ekitaldia asteazken honetan izango da (ekainak 10), goizeko 11:30etan, Liburu Azokan, Bilboko Udaleko ordezkari baten eta Erein argitaletxeko beste baten eskutik.
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa
Urtero deitzen du Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, eta bere helburua literatur jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, eta baita Gabriel Aresti (1933-1975) idazle bilbotarraren oroimenari eustea eta lana gogoraraztea eta bizirik iraunaraztea ere. Deialdiaren eta lehiaketari buruzko erabakiaren barne doikuntzen ondorioz, eta sail berak deitutako beste literatura sariketa batzuekin bat ez etortzeko, XXXI. edizioaren erabakia 2014an kaleratu zen, 2013an kaleratu beharrean.
Azken edizioan 578 ipuin aurkeztu ziren, 39 euskaraz eta gainerakoak gaztelaniaz, eta %50 baino gehiago (324) Estatutik kanpokoak izan ziren, Latinoamerikako herrialdeetakoak batez ere. Horrek argi eta garbi erakusten du Hiribilduan dekanoa den sariketa horren ospea eta nazioarteko izaera.