Iturburu kaleko gabezia "lotsagarriak" plazaratu dituzte auzotarrek

uriola.eus 2015ko eka. 8a, 14:29

Argazkia: Agustin Goikoetxea

Bilbo Zaharra auzo elkarteak Iturburu kalearen egoera "latza eta lotsagarria" salatu ditu. Auzo elkartea 1987tik ari da gabezia horiek salatzen, "ez da marka makala", diote ironiaz elkartekideek.

Iturburu Bilboko kalerik zaharrenetariko bat da (1835), San Anton zubitik oso hurbil eta Casa Cuna aurrean kokatuta dago, hau da, Bilbo hiriko erdi-erdian. Hala ere, gaur egun, "ikusten duzuen bezala, kale honetan espaloi gabe bizitzen jarraitzen dugu", azaldu dute Bilbo Zaharra auzo elkarteko kideek. Hori dela eta, bizilagunek ataritik irtetean "autoak baino ez dituzte aurkitzen; pentsa zer nolako arriskuan jartzen dugun gure burua egunero etxetik ateratzerakoan. Lotsagarria, benetan". Horregatik ibilgailuek pasatzea debekatuta duten oinezko kale izendatzeko eskatu diote Bilboko Udalari.

Eskaileraz josita dagoen kalea da Iturburu, eta ondorioz mugikortasun gutxiko jendea ezin da bertatik pasa, "berdin da gurpil aulkitxo batean baldin bazaude". "Gazte eta sasoi onean egon behar zarela ematen du Iturburu kalean bizi ahal izateko", baina, errealitatea ez da horrelakoa: Iturburuko auzokideak, gehiengoa, adinekoak dira.

Aipatutatako gabeziak ez dira berriak. Bilbo Zaharra auzo elkarteak 1987tik darama horiek salatzen, "ez da marka makala", diote ironiaz elkartekideek.

Transformadorea eta plazatxoa
Joan den larunbatean eginiko prentsa agerraldian Bilbo Zaharra auzo elkartea informazio eskatuz zuzendu zaitzaion Bilboko Udalari. "Iturburun bada Iberdrolako transformadore bat, baina, nola ez dagoen identifikatuta, guk ez dakigu zer ote den edota kaltegarria den". Zalantzak argitze aldera, auzokideek beharrezko jotzen dituzten azalpenak eskatu zituzten.

Iturburu kalearen ondoan dagoen plazatxoa konpondu eta atontzeko eskaera ere egin zuten elkartekideek. "Plazatxoa berreskuratu nahi dugu, polito jarriz". Arbolak mantenduz, auzotarrak elkartzeko gunea izatea nahi dute, "umeak direla, etorkinak direla, emakumeak zein gizonak".