Gaur, ekainak 9, laneko gosaria edukiko dute Lee Kuan Yew World City Prize izeneko saria irabazi duten hirietako -Bilbok 2010ean, New Yorkek 2012an eta Suzhouk 2014an- ordezkari nagusiek. Bertan, harremanak estutzeko eta hiri bakoitzaren errealitateei buruzko esperientziak elkartrukatzeko aukera izango dute.
Jarraian, Alkateen Foroaren antolakuntzak Bilboko Alkateari elkarrizketa egingo dio gure hiriak WCS Mayor’s Forum erakundearen eta LKY World City Prize komunitatearen kide gisa izandako esperientziari eta Bilbok mundu osoko beste hiri batzuei eskain diezaiekeen balio erantsiari buruz galdetzeko. Horretarako, Bilbon sormenaren bidez arazoak aukera nola bihurtu diren azaltzen duten zenbait adibide aipatuko ditu.
WCS Alkateen Foroaren seigarren edizio honetako hasierako ekitaldia gaur 12:30ean izango da (18:30ean Bilbon) Grand Hyatt Hotelean. Besteak beste, bertan parte hartuko dute hurrengo hauek: Bill de Blasio, New Yorkeko Alkatea; Lee Yi Shyan, Singapurreko Merkataritza eta Industria eta Garapen Nazionaleko Ministroa; eta Jan Eliasson, Nazio Batuen Erakundeko Idazkariorde Nagusia.
Gaur arratsaldean eta asteazken goizean, Munduko Hirien Gailurreko Alkateen Fororako Bilboko ordezkaritzak modu aktiboan parte hartuko du lau osoko bilkuretako eztabaida guztietan: "Etxebizitza eta garapen ekonomikoa”; “Garraioa eta mugikortasuna”; “Iraukortasuna eta erresilientzia”; eta “Hezkuntza eta Lehiakortasuna”. Aurreko alderdiak hiria garatzeko eragile nagusitzat hartu dituzte, bizitzeko egokitasuna eta iraunkortasuna ardatz hartuta.
Alkateen Foroa bihar, asteazkena, amaituko da, hainbat ekitaldirekin. Horietan, besteak beste, Peter Ho, Singapurreko Hiriko Garapen Berrirako Agintaritzako (URA) Lehendakaria eta Lee Yi Shyan, Merkataritza eta Industriako eta Garapen Nazionaleko Ministroa egongo dira.
Ondoren, Bilboko jarduneko Alkateak ONUra bisita egitea aurreikusi da, nazioarteko liderrekin antolatutako panel interaktibo batean parte har dezan. Bertan, estatu kideekin gaur egun negoziatzen ari diren garapen jasangarriaren arloko helburuak ezagutaraziko dira, baita Nazio Batuen Erakundea neska eta emakumeen garapenaren mesedeko hiri-esparruak sortzearen alde egiten ari den lana ere.
Gogoeta eta eztabaidarako gunea
(WCS) Munduko Hirien Gailurreko Alkateen Foroa gogoeta eta eztabaidarako gunea da, Singapurreko Hiri Bizigarrien aldeko Zentroak eta Hiriko Garapen Berrirako Agintaritzak antolatutakoa. Hirien lidergorako praktikak partekatzera gonbidatu nahi ditu udal arduradun nagusi guztiak.
2013an, lehendabizikoz antolatu zen Singapurretik kanpo, zehatz-mehatz, Bilbon, izan ere, hura izan zen Lee Kuan Yew World City Prize izeneko sariaren lehenengo hiri irabazlea. Iaz berriro egin zen Singapurren, eta oraingo honetan, 2012an Lee Kuan Yew bigarren saria eskuratu zuen New York hirian egingo da, hain zuzen ere, finantzen, modaren, hedabideen, kulturaren, teknologiaren eta diseinuaren munduko erdigunean.
WCS Mayor’s Forum topagunearen seigarren edizio hau, 2016ko 10ean eta 14an Singapurren egingo duten World Cities Summit delako Munduko Hirien Gailurraren urte birik behingo bileraren aurreko pausua izango da.