Garikoitz Meabe: “Eskerrak Ibilaldia aurten Bilbon egin dugun, bestela desastrea izango zen”

uriola.eus 2015ko eka. 10a, 10:27

Argazkiak: Iñigo Azkona

Berezia den ikastola ezagutarazteko balio izan du aurtengo Ibilaldiak. Lanbide Heziketa euskaraz eskaintzen duen Bizkaiko bi ikastoletako bat da Harrobia, Bilbo Zaharreko izen bereko plazan 2011n zabaldutakoa. Athleticen Kopako finalak Ibilaldiari min egin bazion ere, antolatzaileak pozik agertu dira parte-hartze eta giroarekin.

2015eko Ibilaldiaren azken balantzea baikorra da?

Oso pozik gaude, jendetza eta giro polita egon zelako egun osoan. Gure helburu nagusietarikoa Harrobia Lanbide Ikastola ezagutzera ematea zen, jende askok ez duelako ezagutzen zer den eta non dagoen. Maiatzaren 31n, ikastolako gunea, adibidez, topera egon zen. Gazteak hurbiltzea nahi genuen gazteak direlako ikastola hau ezagutu behar dutenak, eta hori lortu genuen. Horrekin pozik gaude.

Zerk bereizten du Harrobia Lanbide Ikastola?

Bilbon Lanbide Heziketa behar zen. Oro har, Lanbide Heziketako eskaintza mugatua da eta euskarazkoa are gehiago. Hori dela eta, 2011n Bizkaiko zazpi ikastolek bat egin zuten. Aurretiaz Ezkerraldean existitzen zen Ibar Ezkerra ikastola Bilbora etorri zen, eta 2011ko azaroan zabaldu zen Harrobia plazan, Bilbo Zaharra eta Miribilla auzoen mugan.

150.000 lagun espero zenituzten, baina kopuru horretara ez zineten heldu.

Ezinezkoa da jakitea maiatzaren 31n zenbat lagunek parte hartu zuten Ibilaldian  Bilbok biztanle asko dituelako eta jende asko erakartzen duelako. Jendetza egon zela badakigu eta guneak topera egon zirela ere bai.

Zein ekitaldi izan ziren azpimarratzekoak?

Korrontzi eta Espaloian taldeen kontzertuak beteta egon ziren, eta azken orduko erromerietan jendetza egon zen gune guztietan. Jendea berandu etorri zela nabaritu genuen, eta 18:00etan jendea jarraitzeko prest zegoen, eta arazoak izan genituen guneak ixteko, baina ez zen posible, 18:00etan bukatzen baitzen egitaraua.

1.000 boluntariotik gora ibili ziren lanean.

Bizkaiko ikastola guztietatik etorri ziren lanera eta eskertzekoa da. Ez dugu ahaztu behar Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia dela eta ez ikastola bakararrena, guztiena baizik. 1.200 boluntario lortzea egun baterako zaila da, eta eurei esker atera genuen eguna aurrera.

‘Erronka’ egitasmoak gazteei alkoholaren alternatibak eskaini nahi dizkie. Funtzionatu du?

Gazteek ikastolen jaialdiak beste era batera ospatzeko helbururarekin sortu zen duela hiru urte Tolosako Kilometroak festan ‘Erronka’ izeneko ekimena. El conquistador del fin del mundo programan agertzen diren frogen antzeko jolasak antolatzeari ekin zioten, eta harrezkero ikasleak inplikatzea lortu dugu. Harrobia ikastolako ikasleek antolatutako frogak gainditu behar izan zituzten 12 taldek, gehintsuenak Bilboko itsasadarrean. Euskal Herri osoko ikasleek piraguan, padel surfean eta traineruan duten trebetasuna erakutsi dute Ibilaldiko aurtengo Erronkan.

Helburu ekonomikoak bete dituzue?

Ez da ezer berezia izan ekonomikoki, ez du markarik ezarriko 2015eko Ibilaldiak. Iazko zenbaki berberetan mugitzen ari gara. Athleticen Kopako finalak mina egin digu, edo min handia. Larunbatean Bilbon jende asko ibili zen. Izan ere, askorentzat bi jaiegun jarraian izan ziren, larunbatekoa eta igandekoa, eta une honetan krisia dagoen moduan bi jaiegun jarraian ospatzea zaila da, eta hori bai, nabaritu dugu. Eskerrak Ibilaldia aurten Bilbon egin dugun, bestela desastrea izango zen.

Irabaziak nora bideratuko dituzue?

Harrobiara, erakina ordaintzera. Oraindik ez dugu guztiz ordainduta, eta maileguaz libratzea nahi genuke.

Euskarazko Lanbide Heziketa bultzatzeko premia aipatu zuten erakundeetako ordezkariek. Lortu duzue konpromisorik?

Bai. Hezkuntza Sailaren adierazle guztien arabera, 2016/17 ikasturtean goi mailako formakuntza ziklo bi eskainiko ditu Harrobiak, zerbitzuen alorrekoak, eta ondorioz gure eskaintza bikoiztuko dugu. Une honetan, Harrobiak ziklo ertaineko bi eskaintza baino ez ditu, Kirola eta Informatika. Egun, 120 ikasle ditugu, eta bi urtetan gora eta gora egingo dugu, apurka-apurka.

Zazpi kilometroko ibilbideak emango zizuen buruhausterik?

Luzea izan da ibilbidea aurreko urteekin alderatuta. Bilbo zaharretik Bilbo modernora, San Frantzisko auzotik Guggenhiemera joan-etorria, ibilbidearen ardatza itsasadarra dela. Erribera kalea egun osoan mozten den lehen aldia izan da, ez tranbia ez autobus, ez autorik pasa ez zen lehen aldia, Udaltzaingoak esan zigunez. Aurten, bereziki, Athleticen Kopako finalarekin eta Bilboko Triatloiarekin asteburu berean bat egiteak sortu digu zailtasun gehien.  

Nolakoa izan da Udalarekin izan duzuen harremana?

Eskertzekoa da Bilboko Udalak gurekin egin duen lana, bai Espazio Publikoaren Erabilerarako Bulegoak bai Trafiko Sailak. Topera jardun dira, eta eskertzekoa da.

Zenbat urte daramazu Ibilaldiaren arduradun?

Seigarren Ibilaldia izan dut 2015eko hau koordinatzaile moduan. Bat amaitu orduko hasten gara hurrengoa prestatzen. Helburua ekonomikoa da eta urte osoa ematen dugu horretarako lanean.

Lan polita da Ibilaldia koordinatzea?

Urtero hutsetik hasi behar duzu. Politena jende berria ezagutzea da.