Bilbo argiz beteko da bihar Gau Zuria ospatzeko

uriola.eus 2015ko eka. 19a, 11:51

Bihar, ekainaren 20an, Bilbo argiz beteko da Gau Zuria dela eta. Iluntzean, eta Bilboren fundazio urteurrena ospatzeko asmoz, hiri osoa argiztatuko dute hurrengo elementuez baliatuta: argizko apainketak, argiztatutako etxaurreak, mappingak eta hiriko eraikin garrantzitsuen gaineko proiekzioak.

Musika ere Gau Zurian egongo da, Deustuko Unibertsitatean edo Guggenheim Museoan eta Bilboko kaleetan zehar eskainiko diren emanaldien bidez. Dena prest dago herritarrek argiz, kolorez eta soinuz betetako gau bereziaz goza dezaten. Protagonistak hitzordu honekin bat egingo duten bilbotarrak eta gurera etorriko diren bisitariak izango dira.

Hiriko eraikin enblematikoenetako batzuk haien itxura aldatuko dute etxaurreetan irudikatuko diren argi eta proiekzioen jokoei esker. Hala, gau batez hiriko paisaia aldatu egingo da, denetariko koloreak hartuta.

Gau Zuriaren edizio honetan, berriro ere, argiak pisu handia izango du. Gau berezi horretarako "ametsetako" sorkuntza harrigarrien artean, besteak beste, Patrice Warrenerrek plaza Eliptikoan irudikatuko dituen argiztapen ikusgarriak daude; baita, Logela Multimediak Bilboko 4 ikastetxeetako 6 eta 14 urte bitarteko ikasleekin batera Foru Jauregian egindako proiektua ere.

Dantza, urtero legez, Gau Zurian ikusgai egongo da; aurten Kukai dantza taldeko kideek parte hartuko dute, dantza-interpretazioaren eta konposizio musikalaren kategorietan duela gutxi Max sari pare bat eskuratuta. Gelajauziak ikuskizuna aurkeztuko dute, Cesc Gelabert koreografo katalanak asmatutakoa. Gainera, Arte Ederretako Museoan, Alvaro de la Peña euskal koreografoaren konpainiak 'Koloreak' izeneko dantza garaikideko koreografia aurkeztuko du erakusketaren espazioan.

Arte Ederretako Museoa, Euskal Museoa, Itsas Museoa, Guggenheim Museoa, Deustuko Unibertsitatea, Santiago Katedrala, San Nikolas Eliza, Olabarri Jauregia, CRAI eraikina, Arriaga antzokia, Udaletxea, Foru Jauregia eta Moiua plaza izango dira Gau Zuriaren agertokiak.

Poesiarako tartea ere egongo da Euskal Museoan Nuria Esperten interpretazioarekin. Rafael Albertiren bertsoak errezitatuko ditu, kadiztar poeta handiarekin batera Estatutik eta hainbat herrialdetatik bere garaian emandako errezitaldiak gogoratuz.

Gainera, Bilboko kaleak agertoki bihurtuko dira, izan ere, bertatik kale-animazioko taldeak ibiliko baitira eta Guggenheim Museoan Led Zeppelinen doinuak interpretatuko dituzte.

Ikuskizun guztien programa hurrengo ostiraletik ekainaren 12tik eskuragarri egongo da Bilbao 700 Fundazioaren bulegoan (Zabalguneko Eraikina, Zabalguneko plaza, 11-1. solairua), 11:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 18:30ak arte, baita Turismo Bulegoetan ere. 

Azkenik, espazio horietara doan sar daitekeela, baina lekuagatik horretarako aukera mugatuta dagoela gogorarazi dute antolatzaileek.

Jaso hemen Gau Zuriaren programazio eta informazio guztia: