Selektibitateari eta errebalidei ezezkoa adieraziko diete

uriola.eus 2015ko eka. 12a, 13:08
Argazkia: Bizkaiko IA

Batxilergoko ikasleek unibertsitatera sartzeko Selektibitateko azterketari aurre egin diote aste honetan. "Urteetako hezkuntza prozesua kontuan izan gabe ikasleen etorkizuna baldintzatzen duen hiru egunetako frogaren kontra" azaldu dira Hezkuntza esparruko hainbat eragile. Gaur, "proba bidegabe eta arrotzen" kontra manifestazioa egingo dute 18:00etan Moyua plazatik abiatuta.

Hezkuntza eredu propioa defenditu eta hezkuntza komunitatearekin egungo ereduaren inguruko eztabaida "zabala eta argia" martxan jartzeko eskatu diote Ikasle Abertzaleak, STEE-EILAS, LAB, Ernai eta Sortzenek Hezkuntza Departamentuari. 

Euskal Autonomia Erkidegoan selektibitateko azterketak pasa berri diren honetan, froga hau "Madrildik ezarri zigutela" gogoratu dute bertako ikasleei eduki eta eredu arrotzak sartzeko asmoz.

Selektibitateko frogak ikasleen arteko lehia eta kritikotasunik gabeko ideologizazio interesatua sustatzen dituela salatu dute, "euren etorkizuna erabat baldintzatuko duen proba egitera behartuta" daudela; pertsonaren gaitasunen aurretik zenbaki huts bat jarriz. Horrez gain, Espainiako gobernuak ezarriko duen lege berriaren ondorioz, Selektibitatea egingo den azken urtea izan den arren, ikasleak ebaluatzeko mota horretako frogak ugaldu egingo direla aipatu dute; Eusko Jaurlaritzaren Lehen Hezkuntzako 3. mailako errebalida adibide bezala jarriz.

Bilbon, gaur, hilak 12, '#SelektibitateariEz errebalidei ere ez' lelopean manifestazioa egingo dute 18:00etan Moyua plazatik abiatuta. 

[2015/06/09] Selektibitateari ez esateko mobilizazioak deitu dituzte ikasleek