Tribual, 130.000 galdera aurkariek baino lehen erantzuteko

uriola.eus 2015ko eka. 18a, 08:30

CodeSyntax enpresak Tribual jokoa aurkeztu du mugikorretarako. Enpresa euskaldunak 15 urte baino gehiago daramatza Interneterako aplikazioak eta garapenak egiten eta, oraingo honetan, mugikorretarako tribial estiloko joko bat aurkeztu du, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Antzeko beste joko batzuen aldean, baditu hainbat datu azpimarragarri, bai eleaniztasuna bera, zein galderasorkuntza automatizatua eta kopurua (130.000 galdera ezberdin baino gehiago), aktualitatearekin lotuta egotea (Twitterreko galderen bidez), edo erabiltzailearentzat oso hurbileko galderak egiten zaizkiola (gure kasuan, Euskal Herriari buruzkoak).

Gailu mugokorretarako galdera-erantzunen jokoa da Tribual, mekanika erraz eta itsaskorra duena. Android plataforman dago garatua, eta telefono adimentsuetan zein tabletetan erabiltzeko aproposa da.  Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jokatu daiteke.

Bost galderako sortak erantzutea da koxka, ahalik eta azkarren. Galdera bakoitzarekin hiru aukera erakusten ditu Tribualek, eta zuzena asmatu beharra dago. Partidak beti beste erabiltzaile baten aurka jokatzen dira; galdera gehien eta denbora laburrenean asmatzen dituenak irabaziko du, eta horren arabera banatuko dira puntuak, sailkapenean gora edo behera egiteko.

Erabiltzaileak hainbat galdera-mota aurkituko ditu Tribualen: kultura alorrekoak, mundu mailako geografiakoak, eragiketa matematikoak, euskararekin lotutakoak, literatura edo kirolaren ingurukoak, euskal herri eta herritarren ingurukoak... Ahalik eta galdera gehien sortzea izan da Codesyntaxen erronketako bat.

Orain dela hilabete batzuk argitaratu zen Tribualen lehenengo bertsioa, Beta fasean, euskaraz. Harrezkero 1.500 lagun baino gehiagok probatu dute eta ia 300.000 partida jokatu dira. Proba-fase honetan ikasitakoarekin, orain teknikoki hobetuta, galdera gehiagorekin aberastuta eta eleanitz dator.

Tribualen originaltasuna

Galdera-erantzunen jokoetan funtsezkoa da galdera kopuru handia izatea erabiltzailea aspertu ez dadin. Eta Tribualen lortu dute, dagoeneko 130.000 galdera dituelako gaur aurkeztu den bertsioak. Galderak ez dira eskuz sortzen eta eguneratzen, noski.

Codesyntaxek urteak daramatza Interneterako aplikazioak garatzen, eta gaitasun teknikoa da bere alderdi indartsuenetariko bat. Horrela, galdera horiek guztiak modu automatizatuan sortu dituzte, sareak ematen dituen aukerak aprobetxatuta.

“CodeSyntax bereizten duen gakoetako bat horixe da, alderdi teknologikoa – azaldu du Josu Azpillagak, Tribual aplikazioaren garatzaileak – estrategia eta garapen teknologikoari eskaintzen diogun arreta, eta Tribualen ere horixe izan da hasieratik bilatu nahi izan duguna”. Azpillagak adibide gisa jarri du, besteak beste, galderak automatikoki sortzeko egindako ahalegina, horretarako sareko hainbat baliabide erabilita; Twitter, Wikipedia, Google Maps edota Panoramio baliatu ditu, besteak beste, Codesyntaxeko sail informatikoak, galderak sortzeko.

Egindako lanak izan du dagoeneko oihartzunik, Tribualek 2014ko GipuzkoAPPS lehiaketan aplikazio originalenaren saria irabazi baitzuen (informazio gehiago).

Erabiltzaileen harrera ere ona izan da, orain arte sarean izan den lehenengo Beta bertsioa ere 1.500 lagunek jaitsi eta probatu dutelako, eta guztira ia 300.000 partida jokatu direlako.

Datozen hilabeteetan tribu, galdera eta hizkuntza gehiago

Hainbat galdera-mota ditu jokoak, 4 multzo eta “Tributan” banatuta: ezagutza orokorra, matematika, geografia eta euskal literatura. Dena dela, datozen asteetan tribu tematiko berriak aurkezteko asmoa dute garatzaileek.

Horretaz gainera, beste batzuk ere aurreratu dizkigu Aitzol Naberanek, Codesyntaxeko informatikariak: “galdera-sorkuntzan etengabe jarraituko dugu lanean, eta hizkuntza gehiago ere sareratzeko asmoa daukagu; izan ere, joko eleanitza egiteko mekanika ondo ezarri ostean, hizkuntza eta merkatu berrietara jotzeko asmoa dugu”.

 

Jaitsi Tribual

Android plataforman erabil daiteke jokoa. Bilatu Google Play-n Tribual, edota sartu helbide honetan: https://play.google.com/store/apps/details?id=com.codesyntax.tribual

 

www.codesyntax.com/tribual