Urte osoko joste lanak irudikatuko dituzte gaur milaka herritarrek Bilbon. Eguerdian itsasadarraren inguruan nork bere auzoan jositako oihalak ehunduko dituzte. Arratsaldean, San Mamesen jauzia emango dute 2016an erabakia gauzatzen hasteko.
Suziriek adieraziko dute 12:00etan oihal katearen hasiera. Zazpi kilometroko luzera izango duen oihal katea eguerdian osatuko dute. Areatzako eta Euskalduna zubien artean, itsasadarraren bi aldeetara, oihalak josiz. Bizkaiko herritarrek, bakoitzak bere eskualdearen arabera, katean leku zehatza gordeta izango dute. 12 eskualdeek kolore bana jasoko dute non kokatu jakiteko. Bilbotarrei, esaterako kolore urdina egokitu zaie, hau da, Euskalduna eta Salbe zubien arteko gunea.
Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen pedagogian sakontzea eta dinamika beraren hedapena jarri zituen kurtso honetarako helburu moduan. Hori kontuan hartuta, adierazgarria da, benetan, dinamikak izan duen hedapena. Iaz 170 herri/auzo batzorde sortu ziren Euskal Herrian zehar. Aurten, dagoeneko 232 herri/auzo batzorde antolatu ari dira Gure Esku Dago dinamikan.