Konpartsakideentzako autodefentsa feminista tailerra egingo dute gaur eta bihar

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2015ko uzt. 10a, 08:00

Bilboko Konpartsek autodefentsa feminista tailerra antolatu dute gaurko eta biharko, uztailaren 10erako (euskaraz) eta 11rako (gazteleraz). Zabalbide kaleko 5. zenbakian dagoen Bilboko Konpartsen lokalean izango dira bi saioak 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik 19:30etara. 

Autodefentsa feminista ez da soilik teknika fisiko batzuk ikastea kalean edota gauez, eraso bat pairatuz gero, nola erantzun jakiteko.

Harago doa, egunean-egunean gertatzen diren eraso sexistak, baita jaietan ere, identifikatzea dugu erronka; elkarrengandik ikasi eta bizitzako jarrera bat geurea egitea, hortxe dago gakoa. Emakume guztiak, konpartsakideak izan ala ez, defendatzeko ahalmena dugula azpimarratuz. Azken finean, ahalduntze prozesua da, bizitzeko jarrera bat. Gure jaietan ez direlako jarrera sexista ezta lesbofoboak onartzen!

Helburuak:

- Autodefentsa feministara hurbiltzea.

- Ezagutzea eta sakontzea zeintzuk diren inposatzen dizkiguten rolak eta horien ondorioak.

- Sistema patriarkalak ezarritako hainbat mito deseraiki. 

- Emakumeak subjektu aktiboak garela eta eskubideak dauzkagula sinestarazten laguntzea. 

- Egunerokotasuneko eraso sexistei erreparatzen hastea eta aurre egitearen beharra sentiaraztea.

- Erasoen aurrean joera (ahotsa, gorputza, begirada…) zein teknika fisikoak lantzea. 

- Erasoen aurrean joera erantzun kolektibo bat bultzatzea.

Esan bezala, gaur, uztailak 10, izango da euskarazko tailerra eta bihar, hilak 11, gaztelerazkoa, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik 19:30etara, Bilboko Konpartsen lokalean (Zabalbide 5, behea). Izena eman beharra zegoen erasorikezbk@gmail.com helbidera mezu bat bidalita. Bertan, izen abizenak, telefonoa eta zure konpartsaren izena adierazi behar ziren; baita, euskarazko edota gaztelerazko saioan parte hartu nahi duzun.

Tailerra adin guztietako emakumeei zuzenduta dago eta arropa erosoa, esterila bat zein bazkalordurako janaria eraman beharko dute parte hartzaileek.