Behi esne ekologikoarekin zein soja esnearekin prestatutako txokolatea dastatzeko jendeak zintzo itxaron zuen ilara luzean, eta erre zapore apurtxo bat izan arren, errepikatu zuenik ere izan zen. Ohiko edariekin pintxoa jateko aukera ere eskaini zuten konpartsek, txistorra edota txorizo eta hanburgesa beganoak aukeran. Jendetza gose eta egarri zen atzokoan eta bizkor agortu ziren Etxebarria parkean, Bilboko balkoian, paratutako txosnan jatekoa eta edatekoa.
Eszenatoki gainean Udamuga-Coamhain folk banda jo eta ke aritu zen txiki zein handi animatzen.
22:00etan agertu ziren Lekeitioko Deabruak korrefocs eran txinpartak zabalduz. Batzuk beldurtuta urrundu ziren, beste batzuk erakarrita hurbildu zitzaizkien.
Zerura jaurtitako su artifizial artean piztu zuten udari ongietorria emateko sua. Bizkor handitu zen eta beroaren beroaz bizkor urrundu zen jendea ingurutik. Babes hesiaren barruan zeuden konpartsakideek bota zituzten sutara erretzeko jendearen paper zahar, gaitz eta kezkak. Izan zen gurariak idatzi eta bota zituenik ere.
Gauerdian araoa egin zuten konpartsakideek. Honako hau:
Udarari harrera kantaila
Egu bai egu honek udara dirudi
Sutzar honen bitartez hala alunbra bedi
Goazen palza ta parkeetara arratsian
Etorriko garela bihar goizian
Goazen Etxebarriako sutzarrera
Bai sutzarrera eta han egotera.
Bilboko iturrietan dago ura berde
Amuarraintxo freskuak hantxe dirade
Eman bai eskuak eta gero musua
Udarako iturriaren freskua
Lizarraren ondoan ospatu
Daigun uda dela batu
Sorginak dantzan dabiltza
Dabiltza baia dabiltza
Udaran bai pozian dabiltza.
Orain arte belar, hemendik aurrera gari!