Periko Solabarria hil da, ezker abertzaleko militante historikoa

uriola.eus 2015ko eka. 24a, 12:52
Argazkia: Argia

Meategiko langilea, abadea, Herri Batasuneko zuzendaritzako kidea, Espainiako Kongresuko parlamentaria, Bizkaiko Batzar Nagusietako diputatua eta Barakaldoko zinegotzia izan da, besteak beste, Periko Solabarria.

Azken asteetan ahul zegoen eta ospitalera joan behar izan zuen hainbat aldiz. ARGIAk baieztatu ahal izan duenez, gaur hil da Periko Solabarria 85 urterekin.

Bilboaldeko gizarte eragileekin harreman estua izan du Solabarriak. Azken hilera arte parte hartu du lehen lerrotik langileen eskubideen defentsan antolaturiko manifestazio eta elkarretaratzeetan edota etxegabetzeak salatzeko protestaldietan. 

Besteekiko zuen konpromiso handiagatik oso maitatua izan da gizarteko hainbat esparrutan. Horren erakusle da bere heriotzaren berri ezagutu bezain pronto sare sozialen bidez zabaldu den mezu andana. Twiterren, esaterako,  traola oso erabilia izan da, estatu espainiarrean eguneko traola erabiliena izateraino.

Horien artean bereziki sentikorra da LAB sindikatuaren mezua. Periko Solabarriaren borroka "gure eredu izan da", argitaratu du LABek. "Beti hor, lehen lerroan, borrokan tinko. LABeko militante nekaezina, Euskal Herri libre eta justu baten aldeko borrokalari sutsua. Agur eta ohore". 

 

Izan ez zen azken auzia

Maiatzean Auzitegi Nazionalean epaitzeako ziren Solabarria Ernaiko kide zela leporatuta. 2012an Ernai gazte erakundea ofizialki aurkezteko antolaturiko Gazte Danbada ekitaldian "terrorismoari gorazarre" egiteagatik. Urtebete eta sei hilabeteko zigorra eskatu zuen fiskalak berarentzat. Azken unean, ordea, bere kontrako salaketa kendu zuten.

 

Biografia

Portugaleten jaio zen 1930. urtean. 24 urterekin apaiz egin zen. Langileak bizi ziren auzoetan ari zen apaiz, Ezkerraldean, eta horrek bere kontzientzia politiko eta soziala indartu zuen. Zamorako espetxean kartzelaratu zuten, eta aske geratu ostean eraikuntzan hasi zen lanean. LABen afiliatu zen. Politikan Euskadiko Ezkerran hasi zen, 1977an, baina urtebete geroago Herri Batasunan hasi zen. Espainiako Kongresurako diputatu aukeratu zuten 1979an eta 1982an. Eusko Legebiltzarrerako parlamentari ere aukeratu zuten. Aurrerago, Euskal Memoriako fundatzaile ere izan zen.