Gayen kontrako Udaltzaingoaren jazarpena bertan behera uzteko exijitu du EH Bilduk

uriola.eus 2015ko eka. 26a, 11:27

Egirletako bihurgune bezala ezagutzen den tokian, pertsonen, gehien bat gizonezkoen, "elkargune afektibo edo sexu-elkargune izan ez dadin saiatzeko xedez", Bilboko udal gobernuak indarrean jarri dituen "polizi-jazarpen eta kontrol neurriak" salatu ditu Lander Etxebarria EH Bilduko zinegotziak.

Etxebarriak adierazi duenez, hainbat herritar jarri dira harremanetan EH Bildurekin, duela zenbait egun toki horretan Udaltzaingoaren patruila egonkor bat kokatu dela salatzeko. "Patruila honek bertaratzen diren autoak gertutik jarraitu eta, ustez, autoen matrikulak apuntatuko lituzke, baita han elkartzen diren pertsonen kontrola eramango ere. Hori guztia orain arte aitortu ez den helburu batekin, baina ustez herritarrak izutzeko helburu praktiko bakarrarekin".

Hori dela eta, Juan Mari Aburto alkateari, Alfonso Gil alkateordeari eta Tomas del Hierro Herritarren Segurtasunerako zinegotziari, "Udaltzainaren bidez herritarren aurka indarrean jarri dituzten jazarpen-neurriak bertan behera utz ditzatela berehala" eskatu die Etxebarriak. Bide batez, EH Bilduk dei egin dio udal gobernuari Egirletako inguruko etxebizitzetan "jasaten ari litezkeen zarata eta zikinkeria arazoak" Herritarrekiko Harremanetarako eta Ingurumen sailen bidez azter ditzatela modu bateratuan.

Lander Etxebarriak bilera bat eskatu dio Herritarren Segurtasunerako zinegotziari, udal gobernutik sustatu dituzten neurriak "izaten ari diren ondorio negargarriak aztertzeko eta, inguruko auzokideak pairatzen egon litezkeen arazoei irtenbidea emateko Udaleko beste arlo batzuetatik sustatu beharko liratekeen neurrien inguruan lan egiteko".

 

Parte hartzeko deia
LGTBI eskubideen Nazioarteko Eguneko, ekainaren 28ko, manifestazioan parte hartzeko deialdia berretsi du EH Bildu koalizioak. "Lesbiana, gay, bisexual edo transexual izateagatik pertsonenganako edozein eraso, jazarpen edo errepresio salatzen jarraitzen dugu eta berretsi egiten dugu eraso horiek, datozen lekutik datozela, gerta ez daitezen borrokatzeko dugun konpromisoa".

Ekainaren 28ko koordinakundeak deitutako manifestazioan parte hartzera dei egin die herritarrei EH Bilduk. Manifestazioa 12:30ean irtengo da Plaza Eliptikotik.