Homo-Les-Trans-fobook, kontuz gurekin!!!

Bizkaiko E28 Koordinakundea 2015ko eka. 26a, 13:22

Beste behin manifestatzen ari gara Ekainaren 28 batean, garen bezalaxe erakusteko: geure penekin eta geure pozekin, baina gizartekide. Urte asko daramatzagu horrela eginez, etenaldirik gabe; eta urte horietan zehar gure aldarrikapen historikoetako batzuk lortuz joan gara. Hala eta guztiz ere, gaurko egoera kezkatzeko modukoa da oraindik, oraindik arautik kanpoko sexualitatea bizi dugunon kontrako erasoak ohikoak baitira: eraso fisikoak, psikologikoak edota erakundeen aldetikoak ere bai.

Horregatik guztiagatik, erne jarraitu behar dugu; bestela, geure borrokarekin lortu dugun askatasun-espazioa galtzeko arrisku bizia dugu, espazio hori txikiagoa edo handiagoa izanik ere. Erne ez bagaude, ezin izango dugu espazio berririk eta askatasun handiagorik lortu.

Politikari batzuek euren homosexualitatea modu partidistan erabiltzen dute, pertsona solidario eta moderno itxura emateko, baina gero jokamolde xenofobo eta arrazista izaten dute. Batzuei, horrek nazka ematen digu. Euskal Autonomia Erkidegoan azkenaldian ezagutu ditugun bi kasuetan, protagonistak armairutik publikoki atera diren politikariak izan dira, eta armairutik irtetea sinpatia politikoak eragiteko erabiltzen dute. Batzuei, hori bitxia iruditzen zaigu. Norbaitek beldurra balu pertsona horiei zer diren esateko, agian homofobotzat hartuak izan litezkeelako, E28 Koordinakundetik ez dugu inolako beldurrik eta aurpegira esaten diegu; are gehiago irudi publikoa leundu nahian bere ezkontza ere erabiltzeko gauza izan den norbaiti.

Gutako batzuk horretarako gaitasuna dutenei, gorroto-delituen kontrako lege eraginkorra egin dezatela exijitzen diegu, eta gorroto-delituen kontrako fiskaltza ere benetan eraginkorra izan dadila. Guk dakigula, fiskaltza horrek oraindik ez du ezer egin aurten jasandako erasoetako bakar batean ere. Era berean, neurri horiek jende guztiak erraz erabiltzeko modukoak izatea ere exijitzen diegu.

Eraso bakar bar ere ez erantzunik gabe! Bat ukituz gero, denok ukitzen gaituzte!

Homo-Les-Trans-fobook: kontuz gurekin!!!

 

Bizkaiko E28 Koordinakundea