Bilbao BBK Live, hamar urte arrakastatsu

uriola.eus 2015ko eka. 26a, 13:32

Argazkia: Bilbao BBK Live

Hamargarren jaialdirako egun gutxi falta direnean, balantzea egiteko unea heldu zaio Bilbao BBK Liveri. Antolatzaileek zenbaki potoloak aurkeztu dituzte. "Arraskastaz" mintzatu dira. Kobetamendiko aurtengo hitzordua ere ez da makala izango.

Bilbao BBK Live jaialdiak hamargarren urteurrena handiro ospatuko du, hirian eta lurraldean programazio berezia eskainiz. Izan ere, Kobetamendiko zita handia berotzeko erabiliko da eta berriz ere milaka pertsona bilduko dira pribilegiozko ingurunean musika onenaz gozatzeko.  Aurreikuspenak ezin daitezke optimistagoak izan. Hiru egunetarako bonuak eta larunbaterako (uztailak 11) sarrerak agortu egin dira, eta ostegun eta ostiraleko saioetarako 2.000 sarrera baino gutxiago gelditzen dira salgai. Jai-eremuan instalatutako kanpinean 10.000 pertsona sartzen dira, eta dagoeneko plaza guztiak hartuta daude; beraz, ekimenak jende gazte eta emanaren artean duen “erakargarritasuna” argi geratu da.      

 

Jaialdiaren bezperako doako kontzertuen egutegia

Bilbao BBK Live jaialdiaren X. edizioak edukiera bete arte doako kontzertu aparten egutegia du ekainaren 26 eta 27 nahiz uztailaren 2, 3 eta 4rako. Kobetamendiko topaketaren bezperatan, ikusmina sortzeko musika-gosegarri paregabea da. Bertan Bizkaiko bandak eta izena duten artistak egongo dira, besteak beste, Cycle, estatuko techno-punkaren ikonoa, eta Bigott sailkaezina, egiaz dibertigarriak diren zuzeneko emanaldiak bermatzen dituena. Gaur Cycle eta Yellow Big Machinek, Bilboko bandek, Erandioko Sonora aretoa erritmoz beteko dute. Folk eta bluesarekin hitzordua Julian Maeso musikariaren eskutik izango da. 27an La Ribera aretoan (Bilbo) joko du eta aurretik La Indieteca DJ arituko da.

Uztaila hasteko hilaren bian Azkena aretoan (Bilbo) Biznaga madrildarren eta Sonic Trash bizkaitarren emanaldia izango da; azken horiek izenari ohore egiten dion zuzeneko ikusgarria eskainiko dute. Hilaren hiruan Santana 27 lokalak (Bilbo) Bigott, Zaragozako musikaria, hartuko du. Honek bere konposizio-proposamen pertsonala mundu guztian zehar zabaldu du eta berarekin batera kartelean Los Brazos banda ageri da, hain zuzen ere, Bizkaian rockaren apusturik handienetarikoa.  Ziklo hau Uribe Kostako The Great Barrier taldeak itxiko du. 2012ko Bilbo Hiribildua saria irabazi zuen Pop-rock kategorian. Zalantzarik gabe, Bilbok eta Bizkaiak arrazoi garrantzitsuak dituzte Kobetamendiko musika-zita handiaren X. edizioa aldez aurretik ospatzeko.

Horrez gain, doako eskaintza hau nahitaezko beste bi kontzerturekin osatzen da; lehenengoan Bilboko Abesbatza Elkarteko Euskeria abesbatza izango da, Urko Sangronizen zuzendaritzapean. Campos antzokian jardungo dute uztailaren 7an, asteartean, eta sarrerak 10 eta 15 euro balioko ditu. Hilaren 8an Gacela Thompson eta Laura Cantrellen txanda izango da. Bigarrena azkeneko hamabost urteetako musikari eta konpositore garrantzitsuenetarikoa da eta izen handia lortu zuen “Not the Tremblin´ Kind” debut-albumarekin. Laura Cantrellek Kale Nagusiko BBK aretoan abestuko du bere errepertorioa eta sarrera 12 eurokoa izango da.

 

Hotel eta hostelak baikor   

Bilbao BBK Live jaialdiaren X. edizioaren egunetarako hirian egindako ostatu-erreserbei erreparatuz, baikortasuna da nagusi eta norabide onean doaz. Destino Bilbao elkarteak Bizkaiko hiriburuan bitik bost izar bitartera dituzten establezimendu gehienak biltzen ditu. Bere datuen arabera, gaur egun hotelen % 83 hartuta dago. Hala, arduradunek ekitaldia “erreferentziatzat” jo dute, uztailean hirira bisitariak erakartzeko duen gaitasunagatik. Bestalde, hosteletan okupazioa % 85 ingurukoa da eta geroz eta ugariagoak direnez, azkeneko orduko erreserbei esker, ia “betetzea” aurrez ikusia dago.         

 

Jarduera ekonomikoaren motorra

Kultura eta ekonomia eskutik doaz. Sormenezko industriak, besteak beste, musika eta kontzertu handiak, hazten ari den negozioa dira eta enpresa-ehun finkatua du, baita enplegua sortzeko ahalmena ere. Bilbao BBK Live jaialdia errealitate honen adibide paregabea da.  Azkeneko zortzi edizioetan metatu den inpaktu ekonomikoa 115.475.246 eurora iritsi da. Zenbateko horrek berez adierazten du hiriaren eta lurraldearen ekonomian ekitaldiak duen garrantzia. Hala, zuzenean itzultzen zaie sektore estrategikoei, hala nola zerbitzu, ostatu, ostalaritza, merkataritza eta aisialdiari.  Inpaktu ekonomikoan 2007-2014 aldian erregistratutako zenbatekoen batura sartzen da. 2006. urtean, jaialdiaren lehenengoan, ez zen azterlan hori egin eta, beraz, ez dago informaziorik.  Jaialdiaren historian izandako inpaktu mediatikoa 133 milioi eurotik gorakoa da.

 

Jendea hirukoiztu egin da hamar urtetan

Orain arte egin diren bederatzi edizioetan Bilbao BBK Live jaialdira 784.046 pertsona bertaratu dira. Urte hauetan zehar jaialdira hurbildutako jendearen hazkuntzari buruzko bilakaerak errekor historikoa izan zuen 2014. urtean. 120.000 pertsonak jarraitu zituen zuzenean Kobetamendin programatutako kontzertuak.

Ekitaldi honek duen sendotasunaren eta erakartze-gaitasunaren lekuko ezin hobea da bertaratutako pertsonen jatorria. 2014. urtean ikusleen jatorri geografikoaren banaketa-taula adibide modura hartzen badugu, pertsonen % 78 Bizkaiko lurraldetik kanpo dator. Nazioarteko presentziari erreparatuz, Erresuma Batutik eta Frantziatik bertaratutakoak nagusi dira. Bien artean guztien % 27,9 osatzen dute. Azkenik, bisitarien % 11,6ren jatorri-puntua Madril da. Datu horiek BBK Live jaialdiaren nazioarteko izaera bermatzen dute eta estatuko nahiz Europako pertsonen artean ekitaldiak sortzen duen interesa erakusten dute. Horrek hirian eta lurraldean jaialdiaren inpaktu ekonomikoa areagotzen du.

 

 

 

Oharrak

Ekainaren 28tik uztailaren 17ra Kobetamendiko karabanen guneak aldi baterako itxiko du.  Espazio hori Bilbao BBK Live jaialdiaren antolaketa- eta ekoizpen-arearen barruan sartuko da eta data horietan kontzertuak egiteko beharrezkoak diren ibilgailuak eta materiala hartuko ditu.

Bilboko Udalak hurrengo igandetik aurrera Zorrotzaurren, zehatz-mehatz esanda, Deustuko kanalaren eskuinaldean (Zarandoa etorbidea, 19/21), aldi baterako karabanen parkinga abian jarriko du. Kokaguneak gutxi gorabehera 60 plazako edukiera du eta ekainaren 28ko goizeko 9:00etatik uztailaren 17ko arratsaldeko 17:00etara irekia egongo da.

Parkinga hesiekin mugatuko da eta 24 orduko zaintza nahiz hornidurak izango ditu. Aldi baterako aparkalekua Bilboko hirigunearekin metro (San Inazio geltokia) eta autobusen (Bilbobusen 10., 13., 18. eta 71. lineak) zerbitzuaren bitartez komunikatuta dago.

 

www.bilbaobbklive.com