Bizkaiko tabernen artean, pintxo onenak Plaza Barriko La Ollakoak

uriola.eus 2015ko eka. 26a, 08:00

Argazkia: Bilbao Ekintza

Prestigiozko epaimaiak izendatu berri ditu Bilboko eta Bizkaiko 2015eko pintxorik onenak. Ahozurienek mokadu sarituak dastatzeko La Olla de la Plaza Nuevara, Duplexera edota El Huevo Frito tabernara joan beharko dute. Horiek dira saria eskuratu duten Bilboko hiru tabernak.

Bilbo eta Bizkaiko 59 ostalaritza establezimenduk hartu dute parte 2015eko Pintxo Txapelketaren XVII. edizio honetan. Atzo eman ziren ezagutzera Artxandako Ostalaritzako Goi Eskolan aurtengo irabazleak.

Eskolan bertan, in situ prestatu zituzten aldez aurretik maila bakoitzean hautatutako pintxoak. Txapelketaren antolakuntzan lagundu duen ostalaritza eskolako irakasle talde batek eta Zuzendaritza taldeak egin zuen lehen aukeraketa, eta prestigizoko epaimahaikideek azken aukeraketa.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotzi Xabier Otxandianok, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusi Gabino Martinez de Arenazak, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusi Angel Gagok eta Mahou San Migueleko Iparraldeko Marketing Field arloko arduradun Iñaki Garcia Miguelek Bilbao Bizkaia Pintxo Txapelketa 2015 lehiaketaren XVII. edizioaren hamar sariak banatu zituzten.

Txapelketaren garaikurrak urrez, zilarrez eta brontzez egindako zotzak dira. "Zotzek gure kulturaren nortasun marka bereizgarri bat irudikatzen dute, pintxoak alegia, pintxoen jatorria eta irudia islatzen baitute; gure kulturaren marka nabarmena izateaz gain, turista ugari gure hiri eta lurraldera erakartzeko erreferente erabakigarriak ere badira pintxoak".  

Antxoa osagai berezi gisa duten pintxoen eta pintxo libreen kategorietan pintxoak aukeratzeko irizpidea osagaien kalitatea izan da, betiere kontuan hartuta salmenta prezioa, prestaketa eta aurkezpena.

Pintxoen establezimendurik onenaren kategorian, hiru irabazleak aukeratzerakoan lokalaren giroa, dekorazioa, argia, hari musikala, tenperatura, garbiketa eta uniformetasuna hartu dira kontuan, baita zerbitzua, pintxoen aniztasun aukera eta barran daukaten banaketa ere.

Publikoaren Sariari dagokionez, herritarrek in situ eman ahal izan dute botoa gehien gustatu zaien hautagaiaren alde, doako dei bat eginez.

 

Pintxo sarituak

Pintxo Librearen Saria

Urrezko Zotza. Kobika (Durango), arrautza ikaztua pintxoarekin

Zilarrezko Zotza. Duplex (Bilbo), Basoko egunsentiarekin

Brontzezko Zotza. Urtza Taberna (Zornotza), Muskuilua latan pintxoarekin

 

Antxoaz Eginiko Pintxoen Saria

Urrezko Zotza. Haritza Gastro Bar&Café (Mungia). Antxoazko makarroiak eta Idiazabal ketua.

Zilarrezko Zotza. Haritza taberna (Mungia). Antxoa eta Vermoutha, hamaiketako perfektua

Brontzezko Zotza. Kobika (Durango). Antxoazko paella.

 

Pintxoen Establezimendurik Onenari Saria

Urrezko Zotza. La Olla de la Plaza Nueva. Plaza Barria, 14. Bilbo

Zilarrezko Zotza. El Huevo Frito. Garcia Rivero maisuaren kalea, 1. Bilbo

Brontzezko Zotza. Sagarra Gastro Pub. Probaleku, 4 behea. Ermua

 

Publikoaren Sari Berezia

Urrezko Zotza. Sagarra Gastro Pub (Ermua), eusko-japoniar tatakiarekin.

 

www.depintxos.net