Ikurrinen artetik heldu ziren plazako eszenatokira Perikoren errautsak eta urtetan soinean eraman zituen txapela eta poltsa.
Bere alabak familiak jasotako elkartasun mezuak eskertu zituen, hunkituta, plazan bildutako ehunka lagunei zuzendu zitzaienean. "Ez dago hitzik aita baten galera azaltzeko, are gutxiago hain maitatua izan zen aita batena". Izan ere, oso maitatua izan da Solabarria Barakaldon, Ezkerraldean eta beste hamaikatxo lekutan. Horren adierazle izan zen azken agurra ematera bere jaioterrira hurbildu zen jendetza.
Omenaldian, Solabarriak egindako lan eskerga aitortu zuten bere lagun hurkoek. Azkenaldian, murrizketek eragindako bidegabekeriak salatzen jardun zuen langabeekin edota hipotekak kaltetutako pertsonekin. Beti agertu zen langileen ondoan, lan eskubideen defentsan. Gutxitu, baztertu eta zapalduen ondoan, eta agintarien aurrean. Hunkigarriak izan ziren Pablo Gorostiagak edota Xabier Amurizak taula gainetik Perikori eskainitako hitzak.
Sortu alderdiko eta LAB sindikatuko ordezkari ezagunen ondoan, asko eta asko izan ziren auzotar eta herritar anonimoak atzo Barakaldon Periko Solabarria txalotu eta agurtu zutenak.
Internazionala eta Eusko Gudariak abestuz eman zioten amaiera ekitaldiari.
Ekitaldiko argazkiak, Klaus Armbrusterrenak, ikusteko klikatu hemen
[2015-06-24] Periko agur eta ohore
[2015-06-24] Hutsune ordezkaezina utzi digu Periko Solabarriak
[2015-06-24] Periko Solabarria hil da, ezker abertzaleko militante historikoa