"Gaurko egoera kezkatzeko modukoa da, oraindik arautik kanpoko sexualitatea bizi dugunon kontrako erasoak ohikoak baitira: eraso fisikoak, psikologikoak edota erakundeen aldetikoak ere bai", E28 koordinakundearen esanetan.
Horregatik neurri zorrotzagoak eskatu zizkieten bai erakundeetako ordezkariei bai justiziako ordezkariei: "Gorroto-delituen kontrako lege eraginkorra egin dezatela exijitzen diegu, eta gorroto-delituen kontrako fiskaltza ere benetan eraginkorra izan dadila. Guk dakigula, fiskaltza horrek oraindik ez du ezer egin aurten jasandako erasoetako bakar batean ere".
Erasorik ez dutela onartuko adierazi zuten koloretako martxan parte hartu zuten lagunek. "Eraso bakar bar ere ez erantzunik gabe! Bat ukituz gero, denok ukitzen gaituzte! Homo-Les-Trans-foboak: kontuz gurekin!!!", mezua zabaldu zuten Bilboko kaleetan.
"Lesbianak ez gaude salmentan"
Sare Lesbianistak joan den ekainaren 25eko salaketari eutsi zion atzokoan ere. "Nik ez dut nahi inor nirekin friendly izaterik", esanez kritikatu zuen erakundeen jarrera. Izan ere, Bilboko Udalak, Bizkiako Foru Aldundiak eta hainbat merkatarik Friendly Pride izenpean hainbat ekimen antolatu dituzte E28aren harira, Sare Lesbianistari batere gustatu ez zaizkionak. "Kutsu politiko gabeko ekintzak dira, diru 'arrosari' bideratuak", gaineratu du. Horregatik sareko kideek argiro adierazi dute: "Lesbianak ez gaude salmentan, ez gara merkatuko produktu. Ez dugu nahi talonarioarekin ordaintzen den askatasunik. Sexu askapenerako mugimenduaren kaleko aldarrikapen eguna izan da eta da ekainaren 28a".
Argazkiak: Ecuador Etxea
[2015-06-26] Homo-Les-Trans-fobook, kontuz gurekin!!!