Aire-masa bero-bero batek bete-betean harrapatuko gaitu, eta horrek eragindako tenperatura beroek asteazkenera arte iraungo dute. Horrela, gaurko eta biharko tenperatura maximoak 30 eta 40 gradu bitartekoak izan litezke kostaldean, eta arratsaldez litekeena da galerna egoerak izatea.
Muturreko tenperatura bero hauen aurrean, Udalak hirian dagoen 419 iturri publikoen sarea indartuko du, han-hemengo ureztatze-ahoetan behin-behineko zortzi iturri jarriz. Behar izanez gero, behin-behineko iturri gehiago jarriko dira hiri osoan zehar. Aipatutako behin-behineko zortzi iturriak gune hauetan kokatuko dira:
- Artxanda, Santo Domingorekiko izkinan (begiratokian)
- Miraflores Etorbidea 89
- Kale Nagusia 25, Diputazioarekiko izkinan
- Kale Nagusia 65, Areilza Sendagilearekiko izkinan
- Areilza Sendagilea 12, Poza Lizentziatuarekiko izkinan, anbulatorioaren ondoan
- Areilza Sendagilea 42, Perez Galdosekiko izkinan
- Blas de Otero 36, Luis Powerrekiko izkinan
- Lekeitio kalea, Agirre Lehendakaria Etorbideko 162arekiko izkinan
Osasunerako arriskuak
Bero handia egiten duen lekuetan denbora luzez egonez gero, tenperatura ez da ondo erregulatzen eta horrek arazoak eragin ditzake; patologia jakin batzuk agertzea eta gaixotasunak larritzea, batik bat oso eraginberak diren pertsonen kasuan:
1. arrisku-taldea: Talde horretan sartzen dira oro har osasun ona duten 65 urtetik gorako adindunak, alergiengatik tratamenduan dauden pertsonak, diuretikoekin eta antidepresiboekin tratamenduan dauden pertsonak, alkohol asko edaten duten edo oso gizenak dauden pertsonak eta gaixotasun kronikoak dituztenak.
2. arrisku-taldea: Talde horretan daude gaixotasun hauek dituzten pertsonak: giltzurruneko patologia kronikoa, bihotz-hodietako gaixotasunak, patologia psikiatriko larria, arnasa-gaixotasun kronikoak, gaizki kontrolatutako diabetesa eta etilismo kronikoa.
3. arrisku-taldea: Hor sartzen dira adindun ahulak, inmobilizatutako gaixoak eta gaixo terminalak.
Horregatik, Bilboko Udalak gertuko adinekoak bisitatu eta zaintzea eskatu die hiritarrei, guzti-guztioi dagozkigun gomendio hauek betetzen dituztela egiaztatuz:
Aholku praktikoak
- Ohi baino likido gehiago edan, batik bat ura, egarria nabaritzea itxaron gabe. Ez edan kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edaririk.
- Jaki arinak jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta…).
- Eguzkiak ematen dien leihoak itxi eta pertsianak jaitsi, bero gutxien egiten duenean etxea aireztatuz eta freskatuz.
- Arropa nasaia, arina eta kolore argikoa eta oinetako eroso eta freskoak jantzi.
- Etxeko tenperatura 35º C baino handiagoa bada, ez da nahikoa haizegailua erabiltzea beroak eragin ditzakeen osasun-arazoei aurre egiteko, eta ondorioz, dutxa edo bainu hotzak hartzea edota aire egokitua (20-21º C) duen lekuren batean gutxienez bi orduz egotea gomendatzen da.
- Bero gehien egiten duen orduetan, ez irten kalera guztiz premiazkoa ez bada. Kalera irten behar izanez gero, burua estali eta eguzkitako betaurrekoak erabili, unea oro itzalpean egonez.
- Ariketa fisikoa eginez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
- Ez geratu aparkatuta eta itxita dauden ibilgailuen barruan, itzaletan egon arren.
Bero-bolada egonez gero hartu beharreko neurriak
Hona hemen bero handiaren eragin negatibo batzuk: zorabioak, ahultasuna, nekea eta goragalea. Intsolazioa ere bero handiari lotuta dago, eta azal gorritu, bero eta lehorra, pultsu azkarra eta buruko min handia dira sintomak. Halakorik izanez gero, jarri toki fresko batean, burua estalita, jarri konpresa busti eta hotza besapean, eta edan ura gatz eta bikarbonatoarekin. Horiexek Osasun Sailak emandako gomendioak dira. Nolanahi ere, sintomek jarraitzen badute, jo familiako medikuarengana.